Iaz Tratu Onen Mapa egitasmoa jarri zenuten martxan, zein da helburua?
Egitasmo honekin Tratu Onen Kultura zabaldu nahi genuen herri mailan. Hernani Tratu Onen Herria izan daitekeela pentsatu nahi dugu eta herria Tratu Onen Kultura baten inguruan pentsatzen jarri. Askotan Hernaniz beste modu batzuetan pentsatzen dugu; “Sagardoaren Herria”, “Zero Zabor Herria” edo “Fracking EZ Herria“... Eta guk hori guztia eta gehiago txertatu nahi ditugu Tratu Onen Kulturaren barruan, Hernani bizitzeko leku on bat izateko jada egiten diren lan asko ikustaraziz. Bereziki, zaintza lanak, inolako jaramonik egiten ez zaie-nak jarri nahi ditugu balioan, gure ustez horiek gabe ez ginatekeelako ez hemen biziko ez gustora biziko. Hau ikusita, pertsona eta eragile ezberdinen lana ikustarazteko plataforma bat abian jarri genuen eta hortik sortu zen Tratu Onen Mapa egiteko ideia. Mapa honen baitan iada eragile batzuk parte hartzen hasi dira. Alde batetik, iada aurrera eramaten dituzten praktika onak azaleratzen aritu gara; eta bestetik, berai-en egunerokoan praktika on gehiago txertatu ahal izateko behar dituzten laguntza edo baliabideak identifikatu ditugu.
Aipatu duzuen bezala, herriko eragile batzuekin hasi duzue prozesua, nolakoa izaten ari da?
Oso aberasgarria, batez ere, balioan jarri dugulako benetan Hernanin dagoen aniztasuna eta benetan Hernanin egiten den lan garrantzitsu hori. Prozesuak herrian dauden eragile horiek identifikatu eta horien lana azpimarratzeko balio izan digu; baita eragileak barrutik hobeto ezagutzeko ere: sukalde lanak, maila pertsonalean, nola antolatzen diren, zer behar dituzten, zeintzuk eragileen arteko sareak…
Zergatik dira dekalogoak eta konpromisoak hain garrantzitsuak?
Herritar bakoitzak Tratu Onen Herria modu batera irudikatzen du, elementu zehatz batzuei soilik garrantzia emanez. Beraz, bakoitzak bere kode propioak ditu; eragile bakoitzak bere egoera eta testuinguruari dagokion Tratu Onen dekalogoa zein den erabaki behar du. Hau da, batean edo bestean ez du berdin balio. Horregatik, guk definizio bat eman beharrean, herriak behar duen hori dekalogoetan jasotzea nahiago izan dugu. Eta konpromisoei dagokionez, hauek, dekalogoekin lotura zuzena dute. Alde batetik, eragileek dekalogoetan adierazitakoaren aurrean konpromiso minimo batzuk hartzea oso beharrezkoa ikusten dugulako. Eta bestetik, gu eragileen bidelagunak garen neurrian, guretzako oso lagungarriak direlako.
Eragile eta herritar gehiagorengana iristeko asmoa azaldu duzue. Zer egin daiteke parte hartzeko?
Otsailaren 24an antolatuko dugun pintxo-tertulian, herritarrek eta eragileek egitasmoa gehiago ezagutzeko aukera paregabea izango dute. Berez, orain arteko prozesua eragile zehatz batzuekin aurrera eraman izan dugu; herriari aurkeztu aurretik proba txiki bat egin nahi genuelako. Baina otsailaren 24tik aurrera edozein herritarrek parte hartu dezake norbere dekalogo eta konpromiso propioak aportatuz. Eragileekin aldiz, zuhurrago jokatu nahi dugu; prozesua gehiago finduz. Hortaz, Tratu Onen Mapan parte hartu nahi dutenen arabera, egitasmoa bera egokitu beharko dugu. Horregatik da guretzako hain garrantzitsua era-gileak zein herritarrak bertaratzea.
Zein izango da otsailaren 24an Biterin antolatuko duzuen pintxo-tertuliaren helburua?
Batez ere, bide hau ezagutzera eman eta herriari parte-hartzea irekitzea. Egitasmoa bera eta bertan parte hartzen dugunon aurkezpena egingo dugu; Tratu Onen Mapa fisi-koaren aurkezpena ere egingo dugu; eta denon artean hemendik aurrerako urratsak definitze aldera, pintxo-tertulia bat antolatuko dugu. Eztabaidagune kolektibo bat eraikitzea oso garrantzitsua iruditzen zaigulako, eta nola ez, patata tortila baten bueltan ekarpenak egitea ere Tratu Onen Kulturaren parte delako.