Energia garbia erabili eta nola aurreztu ikasi nahi?

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 3a, 01:00

Aukera izango da gaurkoan, Joseba Barandiaran plazan ja­rri­ko den Energia Azokan, energia berriztagarriak ezagutu eta hauek erabiltzeko dauzka­gun aukerak zein diren gertutik ikasteko.

Hala aurkeztu zuten atzo, pren­tsaurrekoan, Zoriona Etxe­zarraga alkateak, Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak eta Isidro Zaldua, azoka jarriko duen Usurbilgo Lanbide Es­ko­lako zuzendariak. Denen arteko «elkarlana» azpimarratu zuten.

Jakintza gizarteratzen
Zalduak azaldu bezala, Usur­bilgo Lanbide Eskolan urteak daramazkite energia berriz­ta­ga­rriekin eta hauen era­gin­kor­ta­suna hobetzearekin lanean, eta hainbat proiektu garatu dituzte, Gipuzkoako Foru Al­dun­diarekin elkarlean. 

Ba­te­tik, administrazioan energia be­­rriztagarriak ezarri edota erabiltzen diren gailuen efi­zien­tzia hobetzeko ikastaro tek­nikoak ematen dituzte. Era be­rean, teknikariei zu­zen­du­ta­ko jardunaldiak ere antolatzen di­tuzte, kiroldegietako man­te­ni­mendura, eraikuntza ja­san­ga­rrietara eta administrazio eta enpresetara bideratuta. Eta az­kenik, energia berriz­ta­ga­rrien inguruko ezagutza eta erabilpena gizarteratzeko, azo­kak antolatzen dituzte; gaur As­tigarragan egingo dena bezala.

Bisita gidatua eta haurrentzako txokoa
Goizeko 10:00etatik 14:00etara, hainbat postu jarriko dira Joseba Barandiaran plazan, energia berriztagarriak zein diren ikusi, ezagutu eta nola funtzionatzen duten ikasteko. Irakasleek behar diren azal­pe­nak emango dituzte; esa­te­ra­ko, etxean gailu horiek nola instalatu ikasteko.

Bestalde, haurrentzako txo­koa ere jarriko da; opariren bat lortzeko aukera ere izango dute.

Azkenik, bisita gidatuak egingo dira 11:30etatik 12:30e­tara, biomasaren inguruko pos­tutik hasita. Ezagutu ahal izan­go dira efizientzia ener­ge­ti­koan laguntzen duten gai­lu­ak (isolamendu motak, led bon­bilak...) eta energia berriz­ta­garri motak (fotovoltaikoa, ter­mikoa, biomasa...).

Faktura elektrikoan aurrezteko, Gipuzkoa Argitu
Beste postu berezi bat ere izan­go azokan, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarria: Gipuz­koa Argitu. Bertan, nork bere etxeko faktura elektrikoa az­ter­tzeko laguntza jasoko du, hura ulertu, eta nola aurreztu dezakeen ikasteko.

Asensiok prentsaurrekoan azaldu bezala, «eguneroko la­na eta herritarrekin zuze­ne­an egin beharrekoa da», egungo tek­no­logia berriek energiaren efizien­tzia­rako ematen dituz­ten au­ke­rak ezagutzea. «Eza­gu­tza za­baldu behar da. Ez da hain zaila eta garestia, tek­no­lo­gia hauek etxeetan aplikatzea».

Udala ere, «bide jasangarri eta iraunkorren alde»
Etxezarragak bere aldetik azal­du zuen «Udaleko Ingurumen Sai­lak bide jasangarri eta iraun­­ko­rrak jarraitzearen al­de­ko apus­tua» egina duela.

Bide horretan, azpi­marratu zuen, plan energetikoa mar­txan jarri zela 2017ko urrian, udal argi­teriak aldatzeko. «1.035.000 euro» bideratuko  dira horretara, beharrezkoa den denboran aldaketak egiteko. «Konpromisoa dugu energia berriztagarri eta jasangarrien alde». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!