Kantabriako flysch magikoetara, bisita

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 2a, 02:00

Liencres herritik hasi eta Santander hiriaren ekialdean dagoen Magdalena penintsularaino luzatzen da, Costa Quebrada. Nahiz eta izen horrekin ezagutu, bere izen ofiziala Parque Natural de las Dunas de Liencres da. Kantabriako kostalde zati honek 20 kilometro inguruko luzera du eta bertan aurki daitezkeen kala eta hondartzak zirraragarriak dira.

Bihar izango da aukera, Mendiriz Mendirekin bertara joateko.

‘Urros’ orratzetan barrena, itzulia
Itsasoak, haizeak eta kresalak itsaslabar ikusgarriak zizelkatu ditu. Urteen poderioz eragile geologiko horiek eginiko higadura lanak harkaitzak leundu ditu eta forma bereziak eman dizkie. Bertako egitura aipagarrienak harkaitzek osatzen dituzten orratzak dira. Ber­takoek ‘urros’ izenarekin ezagutzen dituzte eta itsasotik urgaineratzen dira forma bi­txiak erakutsiz. Batzuk naturak nahita zizelkatu dituen eskulturak dirudite. Beste ba­tzuk kolorez jantzitako forma eta konposizio desberdinak erakusten dituzte, paisaia are eta ikusgarriagoa bilakatuz. Lerro­katuta dauden hainbat urro ere ikusteko aukera dago. Kasu horretan kanal estuak sortzen dira beraien artean.

Bertako geodibertsitateak bultzatuta, biodibertsitate handiko ingurunea da. Hegazti ugari eta landaretza berezia ikusteko aukera dago. Itsas azpian ere biodibertsitatea handia da eta biziz beteriko urak dira. Bertako formazio geologikoak orain dela 90 miloi urtekoak dira eta gehien bat Flysch egitura dute.

Hondartzetan, nahi beste
Ibilbidea edozein izan daiteke, aukera ugari baitaude. Hala ere, ibilbide guztiak ongi markatuta daude eta ez dute inolako zailtasunik. Desnibelak ere ez dira handiak. Dauden igoera eta jaitsierak motzak dira eta desnibel txikikoak.

Ibilbidearen iraupena ere ez dago distantziaren menpe. Paisaia eta hondartzak hain ederrak izanik, jendearen nahietara zertxobait moldatuko gara eta eskaeren arabera hondartza batzuetan beste ba­tzuetan baino denbora gehiago pasa genezake.

Eguraldiak ere eragin handia izango du. Eguraldi txarrarekin, haizetsuarekin eta ekaitzarekin, itsasoak kostalde honetan erakusten duen aurpegia ikusgarria da, baina ibilbidea lehenbailehen amaitzera bultzatuko gaitu. Aldiz, eguraldi onarekin, eguzkiarekin eta ten­peratura goxoarekin, hondar­tza guztietan geratzeko tenta­zioa izango dugunez, ibilaldia ‘amaigabea’ bihur daiteke.


Datu interesgarriak

- Non kokatzen da: Kantabrian, Liencres herriaren inguruan.
- Denbora: 3-5 ordu
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. 
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

Mendiriz Mendik bihar, ekainaren 3an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!