Rosa Santos eta Naiara Peñagarikano Gipuzkoako txapeldun irten ziren Binakako Txapelketan, pasa den asteburuan Añorgan. Biak Hernaniko Elur Txori elkartearen izenean aritzen dira eta Rosa Santos hernaniarra da gainera.
Emaitza ederra lortu zuen bikoteak eta txapela irabazteko 25 eta 32 brila bota behar izan zituzten, hurrenez hurren; bigarrenek, Zeraingo Garbiñe Alustizak eta Aitziber Makazagak, 25 eta 22 bota zituzten.
Gizonezkoetan, berriz, Fernando Gallego eta Miguel Arrozpide ez ziren sartu lau onenen artean, 16 eta 33 brila botata. Pedro Agirre eta Juan Mari Iñurrategi legazpiarrak izan ziren txapeldun.
Banakako lehen saioan Santos 6garren
Bestetik, igandean Banakako Txapelketa hasi zen eta hernaniarrek hartu zuten parte lehen tiraldian. Nesketan, Rosa Santosek 6garren amaitu zuen 34 brilekin. Mutiletan brila gehien bota zituena Miguel Arrozpide izan zen 45ekin. Fernando Gallegok 42 lortu zituen, Antonio Minerrek 41, Ibon Minerrek 40 eta Leandro Minerrek 33. Jokin Izagirre segurarra geratu zen lehenengo postuan 49rekin.