EUSKO Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza Egin egunkariaren dokumentu-ondarea Hernanin zeukan erredakziotik Euskadiko Artxibo Historikora, Bilbora, mugitzen hasi da. Audientzia Nazionalaren baimena jaso ondoren, Eusko Jaurlaritza egingo da itxitako egunkariaren dokumentu-ondarearen kargu, eta material hori «behin-behinean» gordeko da Artxiboan.
Dokumentu-funts horiek ostegun goizean hasi ziren eramaten, eta tokialdaketa datozen egunotan ere luzatuko da. Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariaren esanetan. «1.000-1.500 kutxa ateratzea espero dugu. Dokumentu guztiek 500 metroko luzera har dezakete Euskadiko Artxibo Historikoaren apaletan... bereziki argazkiak biltzen ari gara. Karpetatan nahiko txukun dokumentuen zati haundi bat dago eta gero dago anabesa itzela. Norbait dedikatu da karpeta horiek atera eta lurrera botatzera. Honela milaka argazki daude».
Prozesu hori Kultura Ondarean Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenak, Audientzia Nazionalari Orain SA sozietatearen (1998ko uztailaren 15ean itxi zen EGIN egunkaria argitaratzen zuen enpresa) argazki-funtsaren eta dokumentu-artxiboaren egoeraren gainean zeukan kezka adierazi ondoren hasi zen.
Kultura Ondareak funts horiek erabat ez suntsitzeko neurriak hartu behar zirela adierazi zuen, eta horiek Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzeko aukera eskaini zuen. «Gure iritziz, ondarearen ikuspegitik, interesa dauka Egin egunkariaren dokumentu-funtsak, batez ere ikertzaileentzat, historialarientzat… Zegoen moduan suntsitzeko bidean zegoen eta gerta zitekeen ez egotea atzera bueltarik. Administrazioko dokumentu asko ezingo dira berreskuratu», azaldu zuen Mikel Aizpuruak.
Egun gazi-gozoa GARArentzat
Iñaki Soto eta Mertxe Aizpurua, GARAren izenean bertan izan ziren ostegunean, Iñigo Iruin abokatua eta Tomas Arrizabalaga Orain SAko apoderatua zenarekin batera.
Iñaki Sotok eta Mertxe Aizpuruak, GARAren izenean, azpimarratu zuten egun «gazi-gozoa» izan zela. Positibotzat jo zuten Jaurlaritzak ondarearen berreskuratze lanak bere gain hartu izana: «Utzikeria judizialak eta politikoak ondare horren parte haundi bat galdu edo kaltetu izana eragin du, baina garrantzitsua da zati bat bederen berreskuratu ahal izatea». Bestetik: «Oroimenaren eta giza eskubideen urraketen gainean egin beharreko ariketaren barruan, bereziki gogoratu behar ditugu prozesu judizial gaizto hau eta zigor guztiz injustuak pairatu zituzten euskal herritarrak». Eta oraindik «itxiera ilegal» haren ondorioak bizi-bizirik daudela gogorazi zuen Sotok. Izan ere, Garzon epaileak GARA-ren bizkar utzi zuen Egin-ek Gizarte Segurantzarekin zuen zorra: 4,7 milioi euro».