Mendiriz mendi
ARALARKO San Migel santutegitik gertu hasten den ibilbidea da oraingo hau. Nahiko laburra da eta bide gehiena beherantz denez jende guztiantzat aproposa da. Aurkezten den ibilbide hau Aralarko ipar aldean kokatzen da. Bidearen zati gehiena, guztia ez esateagatik, baso barruan egiten da.
Gauza interesgarriak
Aralar mendizerra Euskal Herrian dagoen mendizerra ikusgarrienetarikoa da. Gipuzkoa eta Nafarroako lurretan dagoen eremu honek 208 kilometro karratu ditu. Azaleraren heren bat Gipuzkoako lurretan kokatzen da eta gehien bat soro eta gailurrez osatua dago. Nafarroako aldea ordea baso zabalez osatua dago, gehien bat pagadiz, eta kobazulo eta leizetan aberatsa den ingurune karstikoa osatzen du. Gipuzkoako aldea Parke Natural izendatu zen 1994 urtean.
Aralarrek natura interes haundia izateaz gain interes haundiko zonalde megalitikoa da. Hirurogei dolmen, tumulu, mairu-baratze edota menhir baino gehiago katalogatuta daude.
Ibilbidearen amaiera izango den Arbizu herri txikia da baina interes haundikoa. Lautada batean kokatua dago era horretan inguru guztiaren kontrola egin zitekeelako. Herria hego-ipar lerroan orientatuta dago, Andra Mari eliza mutur batean eta erdian dorretxea edo Jakaren Etxea. Garai batean hor zegoen herriaren iparraldeko muga eta dorreak eta elizak herriko defentsa guneak ziren.
Eliza XVIIgarren mendeko eliza gotikoa da nahiz eta 1813an izandako sutearen ondorioz badituen ondorengo estilokoak diren elementu batzuk. Erretaula nagusia estilo neoklasiko berantiarrekoa da, jatorrizkoa 1813ko sutean erre zelako.
Dorretxea Erdi Arokoa da. Oin karratuko bloke bat da, lau solairurekin eta lau isuriko teilatuarekin, defentsarako eraikia. Lehen solairuak biltegi funtzioa betetzen zuen lanabesak edo jakiak gordetzeko. Bigarren solairua bizitzarako nahiz defentsarako erabiltzen zen.
Ate batekin babestua zegoen eta bertara iristeko desmuntatu edo erre zitekeen zurezko eskailera batetik igo behar zen. Kale Nagusiaren aldera zulo biribila duten bi gezi-leiho daude XV. mendeko su-armak erabiltzeko. Solairu horretatik gora leiho modernoak daude, karratu itxurakoak.
Ibilbidearen deskribapena
Guardetxetik irten eta hego aldera eginez basoan sartu eta hego aldera egin behar da. Ingurune karstikoaren barrutik, labirinto bidea eginez, batzuetan eskuinera, beste batzuetan ezkerrera, guzti hori behera eginez, Sakana aldera dagoen Aralarreko amildegira hurbildu behar da.
Ur putzu baten albotik igaro ondoren bideak norabidez aldatu eta mendebaldera egiten du ibilbideak. Basotik jaisten jarraitu behar da Artabakargo izeneko txabolara iritsi arte.
Bertan bideak berriro norabidez aldatzen du eta hego aldera egin behar da. Jaisten jarraitu behar da baso barrutik. Igoera labur eta txiki batzuk izan ezik bideak beti behera egiten du. Basotik irteterakoan aurrean ikusiko dugu Arbizu herria. Trenbidea azpitik pasa eta bostehun metro eskas egin ondoren herriko erdigunean egongo gara.
Ibilbidea denetzako aproposa da, zailtasunik ez baitu. Bederatzi kilometroak erraz egiten dira eta gehienak aldapa behera dira. Basoan zehar egiten denez ia mendiko material arrunta erabiltzearekin nahikoa da.
Irteera martxoaren 11ean egingo da eta beraz, aukera ederra egongo da datorren igandean naturaz eta mendiaz gozatzeko.
Datu interesgarriak:
Non kokatzen da: Nafarroan.
Luzera: 9 km
Denbora: 3 ordu
Desnibel metatua: 100m gorantz eta 700m beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun
berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala:
Mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik
martxoaren 11n egingo du
irteera hau.