Urtarrilekoa bertan behera geratu ondoren, asteartean egin zuten urteko aurreneko Plenoa, puntuz josita egon zena. Baita publikoz ere, izan ere, herritarrek beraiek eskatuta, bi mozio bozkatu zituzten udal ordezkariek: M8 manifestua eta Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 42garren urteurrenari buruzkoa. Biak aho batez onartu ziren.
Aho batez onartu zen, baita ere, Genero zeharlerrotasunaren inguruko proposamena. Horren arabera, hemendik aurrera, edozein datu bilketa egiterako garaian sexua galdetuko du Udalak bere inprimakietan.
Prezio eta tasa publikoetan, aldaketa
Puntuka bozkatu zuten 2018-2019 ikasturteko prezio eta tasa publikoen inguruan EH Bilduren udal gobernuak egindako proposamena, Orain Hernanik hala eskatuta. Jaione Aristregi bozeramaileak azaldu bezala, «ados gaude Jabetze ikastaroetako prezioa mantentzearekin; ez ordea, Haur Eskolako jangelaren igoerarekin».
Andoni Amonarraizek, EAJren izenean, eskatu zuen «Haur Eskolako prezioetan kontuan hartzea bizikidetza unitatearen kopurua». Eta Luis Intxauspe alkateak erantzun zion datorren urtera begira aztertu egingo dutela hori.
Horrela beraz, Haur Eskolako jangelaren %1eko igoera onartu zen, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin; kontra bozkatu zuen Orain Hernanik; eta PSE abstenitu egin zen. Musika eskolako ikastaroak, kiroldegikoak eta Biterikoak kopuru berdina igotzearen aurka Orain Hernani bakarrik azaldu zen. Jabetze ikastaroen prezioa mantentzearen alde egin zuten udal talde guztiek.
PSEk abstentzioa agertu zuen, baita ere, kontratazio mahaiaren inguruko proposamenean. Intxauspe alkateak azaldu zuen: «legeak ezartzen du botoen 1/3 izan behar dutela politikoek, eta gure proposamena da Udalean alkatea izatea boto eskubideduna, eta Zerbitzu Sozialetan, lehendakaria».
Oposizioaren bi moziok, eztabaida
Alderdien mozioak aztertzerakoan hasi ziren eztabaidak, Victor Goikoetxea artista berritzen ari den Pleno aretoan (oraindik bukatu gabe dagoela adierazi zuen Alkateak).
Alde batetik, mozio bateratua aurkeztu zuten OH!, EAJ eta PSEk, eraso matxisten aurkako aplikazio mugikorra garatzearen ingurukoa. Bertan proposatzen zuten, beste herrietan egin den bezalaxe, aplikazio bat sortzea, talde feministen eta Berdintasun Kontseiluaren laguntzarekin.
Horren aurrean, EH Bilduko ordezkariek onartu zieten, «mugimendu feministak zalantzan jarri izan duela aplikazio hura». Eta ondorioz, beraiek ere zalantza zeukatela; hori dela eta, mozioa «Berdintasun Kontseiluak aztertu dezala» proposatu zuten.
Une eztabaidatsuen ondoren, bi bozketa egitea proposatu zuen Alkateak. Batetik, bozkatu zuten mozioa bera: oposizio osoak bozkatu zuen alde, eta EH Bilduk, aldiz, kontra. Bestetik, bozkatu zuten Berdintasun Kontseilura eramatea, eta bueltan eramatea mozioa Plenora: EH Bilduk bozkatu zuen alde; EAJk, aurka; eta PSE eta OH! abstenitu egin ziren.
Bestalde, pentsioen inguruko pare bat proposamen aztertu zituzten asteartean: EAJ eta PSEk aurkeztutakoa, batetik; eta Orain Hernanirena, bestetik. Gai honetan ere, eztabaida piztu zen, bai udal taldeen artean, baita publikoarekin ere. PSEko Ricardo Crespok biak alderatu zituen: «azterketa antzekoa egiten dugu, baina eskaera batzuk aldatzen dira».
Biak onartu ziren EH Bilduren abstentzioari esker; Mattin Aldaiak nabarmendu zuen, arazoa dela «Madrilen erabakitzen denaren menpe gaudela».