Jubilatu eta pentsionisten aroa, «aukeraz jositako etapa» da Udalaren ustez, Xabier Lertxundi Zerbitzu Sozialen zinegotziak adierazi zuen bezala. Eta, hain justu, etapa honetan, aisialdiaz eta herriaz gozatzen laguntzeko argitaratu dute +65 Gida. Atzo aurkeztu zuten jendaurrean, Udaleko Xabier Lertxundi zinegotziak, eta Adineko Kontseiluko ordezkari Miren Clemente eta Javier Arraztiok.
«Kontua da bizitza ematea urteei, eta ez urteak bizitzari»
Aspaldiko eskaera da, Adineko Kontseiluaren aurreneko bilerarekin borobildu dena: «hasieran Adineko Mahaia sortu genuen, eta jubilatu batzuekin hasi ginen informazioa lantzen; behin Adineko Kontseilua sortuta, aurreneko bileraren emaitza izan da Gida hau», aurkeztu zuen Lertxundik.
Clemente eta Arraztiok berretsi egin zuten Lertxundik hasieran azaldutakoa. Clementeren ustetan, «gure inguruan dauzkagun gauzekin gozatzeko aukera ematen duen gida da. Izan ere, kontua da bizitza ematea urteei eta ez urteak bizitzari».
Arraztiok nabarmendu zuen: «jubilatuok ere aktiboki parte-hartu nahi dugu gizartean. Orain arte ez geneukan horrelakorik, eta faltan sumatzen genuen».
Oraingoz, 2018ko gida izango da, «baina eguneratzen joango da», azaldu zuen Xabier Lertxundik. Eta hori horrela izan dadin, Adineko Kontseilua «gainean» egongo dela adierazi zuen Miren Clementek.
Bidalketa masiboa
Adineko herritarrek jaso dezaten, bidalketa masiboa egingo dute orain, hemendik ekainera bitarte 65 urtetik gora dituztenei; ondoren, beste bat egingo da urte bukaera arte betetzen dituztenekin.
Denera, 3000 etxetan jasoko dute +65 Gida, urte bukaerara arte. Dena den, herritar guztientzat eskuragarri egon–go da bai Auzo Elkarte guztietako lokaletan, baita Hernaniko Zerbitzu Sozialen eraikinetan ere.