Dena emanda ere, ez zuen nahikoa izan atzo Hernanik, punturen bat lortzeko. Maila haundiko taldea da Alcobendas, eta atzo erakutsi zuen, bere jokaldiak aprobetxatuz, zelaian erakutsi zuena baino garaipen erosoagoa lortzeko (5-34).
Azkar aurreratu zen talde madrildarra, entsaio batekin eta zigor kolpe batekin (0-8), baina berehala gerturatu zen Hernani, Mikel Perezen entsaioari esker (5-8). Alcobendasek bigarrena lortu zuen, ordea, justu atsedenaren aurretik, baina bizirik iritsi zen Herna- ni, bigarren zatira.
Baina berehala jaso zuen kolpea atsedenetik bueltan, beste entsaio batekin (5-20), eta asko konplikatu zitzaien partidua. Minutu gutxira, dena den, Alcobendaseko jokalari bat kanporatu zuen epaileak, eta horrek partidua berotu zuen. Jokalari bat gehiagorekin, bere 22koan mantendu zuen Hernanik Alcobendas, baina toucheetan eta eskuko jokoan akatsak eginda, ezin izan zuen markagailuan gerturatu; are gehiago, Alcobendasek bere aukerak aprobetxatu zituen, partidua erabat hautsita zegoela, bi entsaio gehiago egiteko (5-34).
Atzokoan, gainera, emaitza bakarrik ez, lesioak ere izan ziren albiste txarra. Zenbait trikolorek bukatu zuten partidua min hartuta.