«Asmoa da, aurten gauza politak lehiatzen saiatzea»
ANDONI AMONARRIZ ZUBIONDO (Hernani, 1998-09-27)
Taldea: AMPO-Goierriko TB
2garren urtea afizionatu mailan
2017ko emaitza nabarmenak:
· 8garren Pentekostes Sarian (Bergara)
· 12garren Sollubeko Zirkuituan (Bermeo)
· 14garren Segoviako Itzulian
Bigarren urtea izango du Ander Amonarraizek, maila afizionatuan, AMPO taldearekin aurten ere. Estreinako denboraldian ondo aritu zen, eta aurrerapauso bat eman nahi du aurten. Momentuz, sentsazioak onak dira hernaniarrarentzat. Belauneko lesio bat gaindituta, maila ona berreskuratu du, eta aurredenboraldian erakutsi du dagoeneko: Essor Basque itzulian, Mauleko etapan lehiatu zen txirrindulari hernaniarra, eta 17garren izan zen.
Iazkoa izan zenuen aurreneko denboraldia afizionatu mailan. Zer moduzkoa izan zen?
Urte ona izan zen niretzat. Nahiko ondo hasi nintzen, ihesaldietan sartzen batez ere, eta ekaina gerturatzen ari zela, lortu nituen postu on batzuk: aurreneko 15etan, gero aurreneko 10en artean ere bai...
Abuztu aldera izan nuen beherakada txiki bat, baina denboraldi bukaerarako jarri nintzen berriro.
Kategoria berriko saltoa nabaritu zenuen?
Bai, beste abiadura bat daukate lasterketek, erritmo biziagoa; eta distantziak ere luzeagoak dira. Batez ere Espainiako Kopako probetan eta itzulietan, lasterketak gogorragoak dira. Hala ere, lasterketak bukatzeko ondo aritu nintzen, eta ez nintzen atzeko aldean ikusten, behintzat.
Zerk harritu zintuen gehien?
Beharbada, igoeren aurreko kilometroak. Jubeniletan, igoerak hasi baino lehen, indarrak gorde egiten genituen, baina afizionatuetan dena emanda joaten gara, erritmo bizian, eta igoeran ere berdin, sekulako abiaduran.
Zer izan zen zuretzat, urteko onena?
Segoviako Itzulia nabarmenduko nuke. Ez zen niretzako moduko lasterketa bat, oso laua zen, eta haize askorekin. Baina aurrean sartu nintzen, 14garren sailkatu nintzen, eta gozatu egin nuen.
Bergarako Pentekostes Sarian ere, 8garren postua lortu zenuen, besteak beste. Emaitza horiek, konfiantza emango dizute denboraldi honetarako, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Aurreko urtean, ez nekien zer nolako txirrindularia izango nintzen, baina orain, gutxi gorabehera badakit zein den nire maila. Asmoa bada aurrerapauso bat ematea, eta gauza politak lehiatzen saiatzea, denboraldi honetan.
Zein izango da urteko helburua?
Bidasoako Itzulirako prestatuko naiz, eta ea zer egin dezakedan. Aurreko urtean, lehenengo etapan kaxkar ibili nintzen, eta gero hobeto. Beraz, momentuan ikusiko dugu, zer borrokatu dezakegun. Eta bestalde, Espainiako Txapelketara joateko plaza bat lortzea gustatuko litzaidake.
Baina bi horien aurretik, Aiztondo Klasikoa izango da laster (datorren igandean, Alkizan hasi eta Larraulen bukatu), eta parte hartu nahiko nuke. Iaz ez nuen egin, eta gogoa daukat.
Zer moduz iritsiko zara, denboraldi hasierara?
Sentsazio onak dauzkat. Belaunean lesioa izan nuen, tendinitis bat, eta hiru astez geldirik egon behar izan nuen, bizikleta ukitu ere egin gabe. Baina badirudi sendatuta dagoela, eta Essor Basque lasterketako etapan ondo ikusi nintzen, 17garren. Minik ez nuen izan, eta denboraldi hasierara sentsazio onekin iritsiko naiz, behintzat.
Zumaian ekingo diozu gaur. Zein asmorekin zoaz?
Asmo haundirik ez daukat Zumaiako lasterketarako, egia esan. Ez da karrera aproposena niretzat, oso laua da eta talde haundia iritsiko da esprintean bukaerara, garaipena lehiatzeko. Beraz, ea taldeak zein asmo dauzkan, eta eskatzen didatena egingo dut.
Zuretzat egokiagoak dira lasterketa gogorragoak, beraz...
Hala da, bai. Igotzailea naiz, aldapa gora moldatzen naiz ondoen. Gehien gustatzen zaizkidanak, dira mendate motzez betetako lasterketa gogorrak. Eta gero, talde txikietan, ez naiz gaizki moldatzen esprintean, badaukat abiadura pixka bat. Talde haundietan, ordea...
Zer aldatu da zuretzat, afizionatu mailara saltoa ematearekin?
Denbora. Gehiago entrenatu behar da, eta beraz, deskantsatu ere gehiago egin behar da. Eta horrek denbora librea kentzen du, lagunekin egoteko adibidez…
Zein etorkizun ikusten diozu zure ibilbideari, txirrindulari bezala?
Joango gara ikusten… Oraingoz disfrutatzen ari naiz, eta ahal dudan tokiraino iritsiko naiz.
Eta Urkori, zer gomendatuko zenioke, bere debut urterako?
Ez dezala beldurrik izan. Gogorra izango da, baina beldurrik gabe joan dadila. Ikusi da pistan, oso indartsu dagoela, eta ea errepidean ere horren ondo aritzen den.
«Pista zen helburua; orain, datorrena datorrela...»
URKO SEMPERENA OYARZABAL (Astigarraga, 1999-09-16)
Taldea: Eibar Energia Hiria-Debabarrena
1go urtea afizionatu mailan
2017ko emaitza nabarmenak (juniorretan):
· 2garren Euskadiko Txapelketan
· 5garren Gipuzkoako Itzulian
· 7garren eta etapa garaipena Iruñerriko Itzulian
Pistako denboraldia bukatu, eta errepidekoa hasiko du gaur, Urko Semperenak. Estreinakoa izango du astigartarrak, afizionatu mailan, Eibar Energia Hiria taldearekin. Sasoi onean ekingo dio, baina helburu berezirik gabe.
Afizionatuetan, debut bikaina izan duzu pistan, Gipuzkoako Txapelketa eta Pista Saria irabazita. Espero al zenuen?
Prestaketa ona egin nuen, ondo ibiltzeko, baina irabazi nezakeenik pentsatu gabe. Baina aukera suertatu zitzaidan, eta asko kostata izan bazen ere, garaipena lortu nuen.
Eta orain errepidera.
Hori beste mundu bat da, beste maila bat dago, kanpoko txirrindulariak ere etorriko dira… Prestaketa haundia behar da, eta denboraz ere ez gara soberan ibiliko, ikasketekin. Ahal dudana egingo dut, baina errepidean ez dut gehiagorik espero.
Nola ikusten duzu zure burua, maila horretarako?
Ondo entrenatuz gero, lasterketak ondo bukatzeko moduan ikusten naiz, eta lasterketaren batean, ea 15 edo 20 aurrenekoetan sartzerik daukadan. Hori ondo egongo litzateke. Baina ez diot helbururik jartzen nire buruari. Pista zen helburua, ondo prestatu edo ondo aritzea. Errepidean, datorrena datorrela...
Pista duzu nahiago zuk, ezta?
Bai, beti gustatu izan zait gehiago. Baina txirrindulari gehienak errepidean aritzen direnez... nik ere egiten dut. Ez da gaizki moldatzen naizela, txukun ibili naiz errepidean ere, baina nahiago dut pista. Entrenamenduak ikasketekin uztartzeko errazagoa egiten zait, eta nire ezaugarriengatik, hobeto moldatzen naiz.
Nolako txirrindularia zara?
Ez dakit… Esaten didate igotzaile planta daukadala, baina niri ez zait gustatzen igotzea. Askoz ere gehiago gustatzen zait lautadan ibiltzea, eta esprintetan sartzea. Horietan moldatzen naiz ondo, eta esprintetan postu onak lortu ditzaket.
Iaz errepidean eta aurten pistan lortutako emaitzek, espektatiba haundiak jarri dizkizute, ingurukoen aldetik?
Ez ez, beti esan izan didate, bizikletan lehiatzen naizela gustatzen zaidalako, eta ez postu onak lortu edo profesionaletara iristeko. Afizioa da niretzat, eta utzi behar badut beste gauza batzuk egiteko, utzi egingo dut, nahiz eta nire kaxa ibili. Ikusten dudanean ezin dudala ikasketekin uztartu, utzi egingo dut ziurrenik. Baina lehiatu gabe ere, beti segiko dut bizikletan ibiltzen.
Taldeak zer eskatu dizu, aurreneko denboraldirako?
Ba hain juxtu, talde hau aukeratu nuen, ez zidalako ezer berezirik eskatzen. Lasterketetara joan eta taldeari laguntzea bakarrik. Txirrindulari gehiago eta maila haundiagoa dago errepidean, eta taldeari laguntzeko prest egongo naiz beti.
Zumaian hasiko zara gaur. Nolako lasterketa espero duzu?
Nahiko laua da lasterketa, igoera txiki batzuekin; azkarra izango da. Eta ez dakit, esaten didate oso ondo ibiliko naizela, sekulako postua lortuko dudala… Nik horrelakorik ez dut ikusten, hor 25 urteko txirrindulariak ariko dira, kilometro asko pilatu dituztenak. Eta nik, iritsi berritan, irabazi egingo dut, ezta? Bai zera! Saiatuko naiz aurrean iritsi eta borrokan sartzen, baina hortik aurrera…
Eta zein da ilusio gehien pizten dizun lasterketa?
Niri oso ondo hitz egin didate Nafarroako Itzuliari buruz. Niri gustatzen zaidan terreno horietakoa da, lautadak eta igoera motzak, abiadura haundian joateko.
Zer moduz ikusi zenuen Ander, aurreko denboraldian? Eta nola ikusten duzu aurten?
Ondo aritu zen. Ez nituen gehiegi jarraitu sailkapenak-eta, baina badakit postu politak lortu zituela, eta maila onean ibili zela. Eta pentsatzen dut, hobeto ibiliko dela aurten.
Aurretik ere lehiatu izan zarete elkarrekin. Gogoan duzu lasterketaren bat bereziki?
Badaukat bat gogoan: Gipuzkoako Itzulian, Olaberrian irabazi zuen etapa. Sei laguneko talde batean nindoan ihes eginda, eta azkeneko igoeran, atzetik iritsi ziren nire taldeko beste bat eta Ander bera. Eta azkenean, taldeko biak gelditu ginen Anderren kontra, eta irabazi egin zigun berak, bioi.
2018ko GIPUZKOAKO LASTERKETAK
Otsailak 24, Zumaiako Saria
Martxoak 4, Aiztondo Klasika (Aduna)
Martxoak 10, Goierriko Itzulia (Urretxu)
Martxoak 25, Gorlako Igoera (Bergara)
Apirilak 14, Valenciaga Memoriala (Eibar)
Apirilak 30, Lazkaoko Proba
Maiatzak 1, Santikutz Klasika (Legazpi)
Maiatzak 6, Urraki Igoera (Azpeitia)
Maiatzak 9-12, Bidasoako Itzulia
Ekainak 10, San Martin Proba (Ataun)
Ekainak 12, Gervais Memor. (Aizarnazabal)
Ekainak 16, Euskadiko Txapelketa (Segura)
Ekainak 23, Jose M. Anza Memor. (Tolosa)
Ekainak 29, San Pedro Sari Nagusia (Irun)
Uztailak 1, Loinaz Proba (Beasain)
Uztailak 8, Antzuolako Saria
Uztailak 15, Dorletako Ama (Leintz Gatzaga)
Abuztuak 5, Xanisteban Saria (Ordizia)
Abuztuak 16, Leintz Itzulia (Aretxabaleta)
Abuztuak 23, Etxaniz Memoriala (Elgoibar)
Abuztuak 26, San Bartolome (Zegama)
Irailak 16, Zaldibiako Sari Nagusia
Irailak 22, Oñatiko Proba