Hilerriko errolda eguneratzeko lanetan ari da Udala; bereziki, panteoien jabetzak eguneratzeko, hilda dauden titularren oinordekoen izenean jarriz.
Bi hilabete daramazkite lan horrekin, eta Udalak eskertu nahi izan du, epe horretan «herritarrek egindako ahalegina eta izandako jarrera, lan honetan lagundu eta aurrera eraman ahal izateko». Eta azaldu du, datozen hilabeteotan ere, jarraituko dutela lan horrekin, «ekainera bitarte gutxienez». Horretarako, interesatuen eskura daude espedienteak, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, edozein kontsulta eta aldaketa egiteko, eta baita eskaera orriak ere, eskualdaketetarako.
Baina hemendik aurrera, zita eskatu beharko da, «denontzat ahalik eta erosoen izateko». Martxotik aurrera, ordua hartu beharko da, beraz: 943 33 70 00 telefonoan, edo hilerria@hernani.eus.