Legeak orain hala eskatuta, Udalak Udaltzainen arautegia jarri du abian. Azaroko plenoan eman zitzaion hasierako onarpena eta EH Bilduk jendaurreko tartea lau alegazio aurkezteko aprobetxatu du.
Alegazio garrantzitsuenetakoan, Udaltzaingoa indarkeria matxistaren aurkako eragile aktiboa bilaka dadin eskatu du. EH Bilduren ustez «administrazio guztiak, udalak barne, indarkeria matxistari aurre egiteko prest egon behar dute. Udaltzainak, askotan biktimarekin lehen kontaktua izaten duten pertsonak izan ohi dira eta eginkizun garrantzitsua joka dezakete».
Lehen kontaktu hau eta ondorengoak egoki eta zuzen betetzeko, EH Bilduk indarkeria matxistaren aipamena arautegian gehitzea ezinbestekotzat jotzen du. «Horrela, udaltzaingoari kasu hauek bideratzeko baliabideak, batez ere formazioa, eskaintzeko aukerak zabalduko dira».
Beste alegazio batean, udaltzainek su-armak erabiltzeko debeku esplizitua gehitzea eskatu du. Inguruko hainbat herrietan udaltzainek su-armak eman ditzakete eta EH Bilduk uste du hori atzerapauso nabarmena izango litzatekeela. «Udaltzaingoa herritarrek gertu sentitu behar duten polizia behar du izan eta su-armak horretarako oztopo direla argi dago».
Udaltzaingo herritar ereduan sakontzearren, beste alegazio batean Udaltzaingoaren egin-beharren artean herria patruilatzearena txertatzea izan da. EH Bilduk uste du «Udaltzainak herriarekin eta herritarrekin kontaktuan gehiago egon behar dutela eta hori lortzea zaila izango da Udaltzainek herrian zehar patruilatzen ez badute».
Azkenik, EH Bilduk ‘Udaltzaingoa’ izen ofiziala bezala mantentzea eskatu du eta ‘polizia’ izendapenaren aipamen guztiak kentzea. «Herritik gertu dagoen polizia nahi bada, ‘Udaltzaingoa’ adiera askoz hobe egokitzen dela» uste du EH Bilduk.
Alegazio hauekin guztiekin, indarkeria matxistaren aurkako neurri zehatzak mahaigaineratu ditu EH Bilduk. «EAJk Udal Gobernutik baino ekimen gaitasun gehiago duenaren seinale».