Asteburu betea daukate pelotari hernaniarrek, beste behin, eta 20 partidu jokatuko dituzte. Horien artean garrantzitsuena, Ioritz Arrietak jokatuko duena: Malerreka torneoko finala jokatuko du bihar, 12:30etan Donezteben. Gorritirekin ariko da hernaniarra, eta aurrean izango dituzte Iker Salaberria goizuetarra eta Mariezkurrena.
Markel Lizeagak, bi semifinal
Finalik ez, baina bi semifinal jokatuko ditu Markel Lizeagak. Tolosan ariko da bihar, arratsaldeko 17:30etan, Miguel Soroa torneoan; Prieto bizkaitarrarekin ariko da, Labaka eta Arangurenen kontra. Partidu zaila izango du hernaniarrak.
Igandean, berriz, Ortuellan jokatuko du, 12:00etan, Pablo Elortegi torneoan. Alberdi azpeitiarrarekin ariko da, Lopez Aldai eta Bergeraren kontra. Partidu berdindua espero da.
Garrantzitsua izango da, baita ere, Unax Manterolak eta Julen Deskargak jokatuko duten partidua, bihar 11:30etan kiroldegiko frontoian. Gipuzkoako Txapelketako ligaxkan, partidu erabakigarria daukate, Gaztelekuren kontra: irabazita, azken fasera sailkatuko dira.
Ojuel eta Gorrotxategi, Lezamako finalera
Aurreko asteburuan, berriz, emaitza onak lortu zituzten hernaniarrek. Batetik, Lezamako torneoko finalera sailkatu ziren Paul Ojuel eta Aitor Gorrotxategi, Azpiri eta Bilbaori 22-9 irabazita. Martxoaren 2an jokatuko dute finala.
Bestetik, trinketean, Gipuzkoako Txapelketako semifinaletara sailkatu ziren Pagola eta Arizmendi, Gaztelekuri irabazita (40-30). Aldiz, galdu egin zuten Cisnerosek eta Oiagak, eta atzo zeukaten partidu erabakigarria, Iruran, semifinaletara pasatzeko.
Eta azkenik, Gipuzkoako Txapelketan, azken fasera sailkatu ziren Txintxurreta-Iturbe, Jara-Etxarri eta Arluziaga-Martin, jardunaldi baten faltan. Partidu guztiak irabazi dituzte hiru bikoteek.