Otsailaren 10ean, larunbata, neska koadrila batek jasandako eraso sexista salatu du Hernaniko Berdintasun Kontseiluak. Txili tabernan izan zen erasoa, azaldu dutenez, eta elkartasuna adierazi nahi izan diete, erasoa jasan zuten neskei. Era berean, eskerrak eman dizkiete, «bere jarrera onagatik», Txili tabernako arduradunei: «gertatutakoaren berri izan bezain laster, sexu erasoen inguruko protokoloa martxan jarri zuten».
Berdintasun Kontseiluak adierazi du, gainera, lanean jarraituko duela «harreman parekide eta askeen aldeko Hernaniren alde». Eta dei egin diete herritarrei, «eraso sexistei planto egitera».