Manifestazioa deitu dute biharko, Donostian, erraustegiaren kontra. Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatuta, arratsaldeko 17:30etan abiatuko dira, Gipuzkoa Plazatik: Erraustegia gelditu! Birziklapena sustatu!, aldarrikatuko dute.
«Aukera berri bat daukagu bihar, Gipuzkoako agintariei exijitzeko: erraustegi kriminal hori gelditu»
Manifestazioarekin bat egin du Hernanin Zero Zabor taldeak, eta deia luzatu die hernaniarrei, bertaratu eta parte hartzeko: «hernaniarrok egunero frogatzen dugu, hondakinak ondo kudeatuz gero, ez dagoela inolako erraustegiren beharrik; guk atez atekoarekin %80ko birziklatze tasa lortzen dugu, eta pertsonako urtean 60 kilo errefus sortzen. Zer dela eta beste herri batzuek jarraitu behar dute, pertsonako urtean 200 eta 300 kilo errefus botatzen?», adierazi dute.
Aldarrikatu dute, «mundu osoan» ikusi dela, «errausketa txarra dela. Txarra osasunarentzat, txarra ekonomiarentzat, txarra enpleguarentzako ere, txarra ingurumenarentzat... eta txarra justiziarentzat: inork ez dauka beste inor kutsatzeko eskubiderik. Horregatik, aukera berri bat daukagu bihar, Gipuzkoako agintariei exijitzeko: erraustegi krimikal hori gelditu», eskatu dute.