Independentismoa oinarri hartuta, hitzaldia eskainiko du gaur Unai Apaolaza pentsalariak, Kontrakantxa gaztetxean: Independentismoa berritzen. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Hernaniko Sortuk antolatuta. Botako dituen ideien aurrerapen bat egin dio Apaolazak, Kronikari.
Independentismoa berritzen jarri diozue izenburua. Zein izango da saioaren muina?
Independentismoa nik nola planteatzen dudan azalduko dut aurrena, eta zein gabezia dituen. Independentismoa, estatua sortzeko estrategia modura ulertzen dut. Era askotara planteatu daiteke estrategia hori, eta azken urteotan, abertzaletasunaren bitartez egituratu da; hori kritikatzen dut, eraginkortasunaren izenean.
Zein eboluzio izan du euskal independentismoak?
Orain momentu berezi batean gaude. Independentismoa ulertzeko modu bat bukatu zen, eta trantsizio fase batean sartu ginen. Baina orain, ezer berririk sortu ez dugunez, lehengora bueltatzen ari gara, agortuta dauden bideetara. Eta ezin dugu hori egin, erakusten du erresistentzia hutsarekin konformatzen garela, onartu dugula ezin dugula helburua lortu.
Eta zein ibilbide ikusten diozu independentismoari?
Euskal Herriak izugarrizko potentzialtasuna dauka, 60 urtetan egin den lanari esker. Monagillo herria zena, Europan gehien radikalizatu daitekeen herri bihurtu da, eta hori sekulako altxorra da. Independentistak sortzera bideratu behar dugu estrategia. Alderdiekin hitzarmenak sinatzeak ez du fruiturik emango, independentismoak herritarra behar du izan. Prozesu independentista jarri behar da martxan, independentistak sortzeko, eta ez alderantziz.