Gaur izango du otsaileko zita, Zinea euskaraz! egitasmoak; eta oraingoan, Mustang pelikula jarriko du Dobera Euskara Elkarteak, ikusgai. Sandiusterrin izango da, arratsaldeko 18:30etan hasita. Trukean, borondatea eskatuko dute.
Deniz Gamze Ergüvenek zuzendutako filma da Mustang, eta 97 minutuko iraupena dauka. Bost ahizpa umezurtz dira pelikulako protagonistak. Uda hasieran, hondartzan egindako jolas inuzente baten ondoren, guztiz aldatuko da beraien bizitza. Herriko jende erlijiosoa, beraien moralik ezaz eta eskandaluaz hitz egiten hasiko da; eta orduan, amonak eta osabak, bost neskak prestatzeari ekingo diote, etorkizunean emazte zintzo izan daitezen.