Astiko Astigarragako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak Astiko aterkiak jarri ditu herriko merkataritza eta ostalaritza bezeroen eskura. Egun eurtitsuetan Astigarragako merkataritza establezimenduetan erosketak egitea edota ostalaritzan kontsumitzea errazteko Astiko aterkiak eskainiko zaizkie bezeroei.
Aterkiak Astiko Elkarteko establezimenduetan egongo dira bezeroen eskura behar dituztenean erabili ahal izateko; behin aterkia erabilita, berriz ere Astiko Elkarteko establezimendu batetara bueltatuko dira aterkiak. Astiko Elkarteko bazkideak eurak izan dira kanpainari hasiera eman diotenak aterkiekin ateratako talde argazki batean.
‘A! Astigarraga dastatu!’
2017an Astiko Elkarteak herriko merkataritza eta ostalaritza promozionatzeko abian jarritako A! Astigarraga dastatu! Saborea Astigarraga! kanpainari jarraipena ematen zaio ekintza honekin. Kanpainaren helburu nagusia Astigarragan bertan dagoen merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimendu aukera zabala ezagutzera eman, eta bertan kontsumitzearen garrantzia azpimarratzea da, horretarako kanpainaren baitan ekintza desberdinak burutu direlarik (besteak beste Astigarragako gida komertzial eta turistikoa kaleratu zen 2017ko irailean).
Ekintza honek, Eusko Jaurlaritza eta Astigarragako Udalaren babesa jaso du.