«Ez da joskintza tailer bat besterik gabe, oso garrantzitsua da emakumeen parte-hartzea»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 24a, 01:00

Proiektu berritzailea bezain garrantzitsua jarri dute abian Erroak Elkarteak eta Herna­niko Udaleko Gizarte Zerbitzu­ek ikasturte honetan, eta duela pare bat aste egin zuten ofizial, hitzarmen batekin. 

Elkarlan horri esker, aurreko urritik hasi eta ikasturte bukaerara arte, Hernaniko emakume talde bat Joskintza sortzailea eta eskulanen tailerrean ari da parte-hartzen, Erroak elkartearen eskutik.

Sendotu Aldiberean programa, oinarri 
Dena den, elkarlana ez da no­lanahi hasi. Alde batetik, Sen­dotu Aldiberean programa da­go oinarrian, Erroak Elkarteko arduradun batek azaldu bezala: «Euskal Autonomia Erkide­goko zazpi elkartek bultzatutako proiektua da: Caritas, Agi­antza, Peñascal Fundazioa eta Sartu Taldea osatzen dugun lau elkarteak, hau da, Za­bal­tzen, Gaztaroa, Sartu Araba eta Erroak Gipuzkoan. Eta helburua zen Europako Gizarte Fun­tsaren 2014-2020 ekintza-planean sartzea; horrek plantea­tzen dituen helburuak aurrera eramateko: zailtasunak dituztenei laguntzea lan merkatuan txertatzen, lanaren kalitatea hobetzea, eta zailtasun gehien dauzkatenei gizarteratze eta laneratze-prozesuak erraztea».

Zentzu horretan, Erroak elkarteak bi bidetan egiten du lan, eta horietako batean ko­ka­tu du Hernaniko proiektua: «gizarteratzeko ibilbideekin lo­tura daukaten jarduerak egitea da Erroaken lanetako bat: programak, proiektuak, tailerrak... dira, eta horiekin lortu nahi dena da zailtasun soziopertsonalak lantzeko es­pa­zioaren sorrera erraztea».

Emakume taldearen eskaera
Bestetik, garrantzia nabarmena izan zuen, eta kasu honetan oso erabakigarria izan da, Erroakeko arduradunaren us­tez, eskaera emakumeek bera­iek egin izana: «Hernaniko Zerbitzu Sozialekin harremana zuen emakume talde batek behar konkretu bat azaleratu zuen: txoko bat sortzearena, elkartu ahal izateko eta jarduera konkretu bat egiteko, joskintza». 

Momentu horretan egin zuten bat bi proiektuek; izan ere, Erroak Elkarteak aukera ikusi zuen, Sendotu Aldiberean proiektuaren bitartez, jarduera hori aurrera eramateko. 

Horrela bada hasi ziren el­kartzen urrian; astean hiru al­diz izaten dute saioa, Uru­mea ikas­tola zaharreko eraikinean.

Joskintzak, erabilera bikoitza
Kasu honetan, gaiaren aukeraketa oso erraza izan zela onar­tzen dute tailerra koordinatzen dutenek: «gaia interesa agertu zuten emakumeek beraiek plan­teatu zuten; azken finean, bere nahia jasotzea ere garran­tzitsua da». Horrez gain, Erroak Elkartetik erraz onartu zuten, bi ikuspuntu izan ditzakeelako: «profesionala eta okupazionala, hau da, lanerako baliagarria izan daiteke, baina baita etxean, modu pertsonalean, konponketa batzuk egiteko ere».

Gai gehiago, tailerrean
Dena den, formazioaren alorrean tailer okupazionala deri­tzo­na da Hernanin Erroak El­kar­­te­ak egiten duena: «emakumeak tre­batzen ditu joskintzaren buel­tan oinarrizko lanak egiteko, baina ez da joskintza tailer bat besterik gabe, oso ga­rran­tzi­tsua da emakumeen parte-hartzea, beraiek sortutako espazio bat izatea». 

Izan ere, horrek ahalbide-tzen du beste gai batzuk jorra­tzeko aukera, besteak beste, he­ziketa gaiak lantzeko aukera, gehi­engoak seme-alabak bai­titu; elikadura gaiak, arreta pertsonala... Hau da, «ahaldun­tze- eta garapen pertsonalerako espazio bat izan behar du».

«Orokortasun batean, lan karga haundia daukaten emakumeak dira, seme-alaba askoko familia daukatenak»

Etxetik ateratzeko, aukera bat
Modu orokor batean, etxeko ego­erak baldintzatzen dituen emakumeak dira: «orokortasun batean, lan karga haundia daukaten emakumeak dira, se­me-alaba askoko familiak dauz­kate, eta beraien figura oso ga­rrantzitsua da horietan». Orain arte, beraientzat «oso zaila izan da etxe­tik kanpoko planak egitea».  Hortaz, tailerra aurrerapauso gisa ikusten dute Erroak Elkartetik. 

Dena den, hori aurrerago iku­si beharko dela onartzen du­te: «oso ibilbide motza daukagu oraindik, urrian hasi ginen eta orain formalizatu dugu hitzarmena Udalarekin. Zerbitzu So­zialen patronatuak eta Erro­akek argi ikusi genuen jarraipena eman behar zitzaiola hiru hilabetetako lan honi, eta emakumeek beraiek ere hala ikusten dute. Hori adierazle ona da, ema­kumeek beraiek espazio hau edukitzen jarraitu nahi izatea».

Hernanin, aurreneko proiektua
Donostian dauzka bi egoitzak Erroak Elkarteak, bata, Martu­te­neko 27. poligonoan, eta bestea, Amarako Bizkaia pasealekuan. Horregatik, Donostian dauka eragin gehiena, baina Gipuzkoa­ko elkartea izanda, lurraldean zehar zabaltzea da beren nahia. Eta lan horretan, aurreneko pausoa da Hernanin proiektu hau aurrera eramatea. 

Hala ere, hernaniarrekin lan egindakoa da, lan formazioa, aholkularitzan eta gizarteratze arloetan. 2017ko behin behineko da­tuek adierazten duten bezalaxe, 1400 bat gipuzkoar lagundu zituen Erroak Elkarteak urte osoan zehar. 

Horietatik, 100 lagun inguru izan ziren hernaniarrak, horrek esan nahi du %5-6a bertakoak zirela. Erdia baino gehiago, formazio prozesuetan aritu dira; eta %20-25a, bakarkako laguntza eta aholkularitzan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!