Datorren larunbaterako, otsailaren 24, pintxo-tertulia antolatu du Arremanitz Kooperatibak, 10:00etatik 13:30etara, Biterin.
Bertan, azken hilabeteetan egindako lanaren emaitza den Tratu Onen Mapa aurkeztuko du, horretarako lanean aritutako eragile parte-hartzaileen bizipen eta ametsak ezagutzeko aukera izango da, eta azkenik, pintxo-tertulian nolako Tratu Onen Hernani nahi den pentsatu eta eztabaidatzeko aukera izango da. Partehartzea irekia da, eta animatzeko dei egin dute.
Harremonak-etik, Tratu Onen Herrira
Arremanitz Kooperatibak urteak daramazki Hernanin, Harremonak proiekturarekin, tratu onen lanketa egiten. Batez ere, hezkuntza komunitatean aritu da, baina baita beste eragile batzuekin ere.
Horrela, Tratu Onen Kultura herri mailan zabaltzeari ekin dio. Hernani bizitzeko leku on bat izateko, dagoeneko egiten diren lan asko azaleratu eta ikusgarri egin nahi izan ditu, eta hainbat eragilerekin lanean aritu da horretarako, azken hilabeteetan; hala nola, BiziOn, Gaztelekua, Hezkuntza Plataforma, Bilgune Feminista edota Kronikarekin.
Egitasmoa herri osoari zabaldu aurretik, proba txiki bat egin nahi izan dute eragile horiekin, eta orain, eragile horien esperientziak ezagutarazi, eta herritar eta eragile gehiagok parte hartzea da helburua.