Asteartean eman zion behin behineko onarpena, Goizuetako Udalak, 2018 urterako Udal Aurrekontuari. Urtarrileko plenoan onartu zuten, hilaren azkeneko asteartean: guztira, 802.498,46 eurokoa izanen da.
Bertan, ohiko gastu eta sarreren partidez gain, berriak ere txertatu ditu Udalak, hainbat inbertsiori dagozkionak.
Hainbat inbertsio egiteko partidak, jasota
Partida horietako bat, jaso dute Tifanitxo eraikinaren barruko aldea berritzeko. Autoenplegurako laguntzak emateko ere gorde dute beste partida bat, eta dirulaguntza bidez emango da hori.
Goizuetako bi parke berritzea ere aurreikusi du Udalak, Xalto eskolakoa, eta Plazakoa; eta bi lan horietarako jaso du partida bana. Goizuetan kontsumitu poltsak erosi eta banatuko ditu Udalak, bestalde. Eta pistak konpontzeko dirulaguntzak emateko partida bat ere izanen da.
Dantzen lokala ere berritu eginen dute aurten, eta baserrietara doazen bideetan, kitamiedosak jarriko dituzte. Auzolanetarako asegurua kontratatzeko ere, gorde dute beste partida bat, aurrekontuan.