Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da martxoaren 8a, eta ospatzeko, hilaren 10ean herriko hainbat emakume omenduko dituzte Astigarragan, Udalak eta Gazte Lokalak.
Horretarako, herritarrei luzatu diete deia, proposatzeko zein omenduko luketen beraiek: «herriko edozein emakume izan daiteke omendua, eta horretarako, herritarrok izango duzue aukera, zuen hautagaia proposatzeko, etxean jasoko dituzuen txartelen bidez. Ez da beharrezkoa famatua izatea, norberak erabaki dezake zein emakume omendu nahi duen, berarentzat garrantzitsua delako. Zure inguruan duzun emakumeren batek omenaldia merezi duela uste duzu? Zuretzat berak egindakoak, besteek jakitea merezi duela uste duzu? Orain duzu aukera».
Otsailaren 16ra arte epea, herriko hainbat puntutan
Proposamenak egiteko, nahikoa da txartela betetzea, zehaztuz nor omenduko zenuketen eta zergatia labur; eta herriko hainbat puntutan jarriko dituzten buzoietan utzi: Gazte Lokalean, ikastolan, kultur etxean eta udaletxean. Horretarako, datorren ostirala, otsailaren 16a, da azkeneko eguna.
Proposatzen dituzten emakume guztiei, martxoaren 10ean egingo diete omenaldia, arratsaldeko 17:00etan hasita, Sagardo Plazan egingo duten ekitaldian. Hainbat ekintza berezi prestatuko dituzte.
«Indar feminista» sortzeko bilera, datorren ostegunean
Bestalde, herritar talde bat ari da, Astigarragan talde feminista bat sortu nahian: «martxoaren 8a gerturatzen ari den honetan, planto egiteko garaia dugu, indarkeria matxistari, esplotazioari eta diskriminazioari nahikoa dela esateko», aldarrikatu dute.
Eta gaineratu dute: «eta Astigarragako emakumeok zer? Prest al gaude herrian gure indarra zein eta nolakoa izan daitekeen erakusteko? Prest al gaude gure eskubideengatik borrokatzeko?».
Asmo horrekin sortu nahi dute taldea, hain zuzen ere; eta horretarako, herritarrei luzatu diete deia: «indar hau sortzen eta haunditzen joateko, bilera batera deitzen zaituztegu».
Datorren ostegunean izango da bilera, otsailaren 15ean, arratsaldeko 19:30etan hasita kultur etxean. «Batu gaitezen kateak hausteko! Gora borroka feminista!», aldarrikatu dute.