Hernaniko atletismo pistan daukate zita bihar, Gipuzkoako atleta gaztetxoek. Beste urte batez, eta badira 54 edizio dagoeneko, atleta benjamin, alebin eta infantilak elkartuko ditu Adarraga Memorialak, goizeko 11:00etan hasita.
Mutil infantilak izango dira aurrenekoak (2,736 km), eta neska infantilak segidan, 11:20etan (2,122 km). Mutil alebinak ondoren, 11:35etan (2,122 km); eta neska alebinak 11:50etan (1,508 km). Benjaminen probarekin bukatuko dute, 12:05etan (670 m).
On Bosko krosa bihar, eta Sagar Lasterra gaur zortzi
Bihar bertan izango da, baita ere, Urnietako On Bosko krosa (7 km). Goizeko 11:00etan hasiko da, eta azkeneko izenemateak egin daitezke irteeran, ordu erdi lehenago arte.
Eta datorren larunbatean egingo dute Hernanin, Sagar Lasterra lasterketa (8,9 km). 11:00etan izango da hori ere, eta izenemateak zabalik daude: www.kirolprobak.com.
Txapelketak
Euskadiko Txapelketetan, domina sorta ederra
Txapeldun izan ziren Rivas eta Urkia, mailu jaurtiketan, eta zilarra lortu zuten Artolak, Muñagorrik, eta Toledok bi probatan.Euskadiko Txapelketekin bi zita izan zituzten aurreko asteburuan, CD Hernaniko atletek. Larunbatean, Durangon, jokatu zen jaurtiketa luzeen Euskadiko Txapelketa; eta bertatik, domina sorta ederra ekarri zuten, klubeko atletek.
Txapeldun izan ziren mailu jaurtiketan, Aitor Urkia juniorra, 6 kilokoa 64,67 metrora jaurtita; eta Servando Rivas seniorra, 56,87 metroko marka lortuta 7,26 kilokoarekin. Gainera, bigarren izan zen David Muñagorri (49,82 m).
Domina bat ez, bi lortu zituen Ainhoa Toledo juniorrak. Disko eta mailu jaurtiketetan izan zen bigarren Zumarragako atleta, eta bietan, CD Hernaniko errekorra lortu du: 27,62 metro diskoan (berea zen aurreko marka, 27,03 m), eta 32,96 metro mailuan (Carla Kortabitartek zeukan 2013tik, 32,78 metrorekin).
Igandean, berriz, kros luzeko Euskadiko Txapelketa izan zen Amurrion, eta juniorretan, zilarrezko domina lortu zuen Anartz Artolak.