«International Opera Awardsetan lortutako hautagaitza soila, arrakasta haundia da»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 17a, 01:00

Intermezzo enpresaren men­pe dagoen Madrilgo Errege An­tzokiko abesbatza titularrak hau­tagaitza lortu du Interna­tional Opera Awards sarietan. Duela hamalau urte sortu zen enpresa, eta azkeneko hiru ur­tetan, Astigarragan dauka egoi­tza, Jon Plazaola tenorea eta enpresaren sortzailea bertan bizi denetik. Azkeneko hiru urteetan, ehundik gora obretan hartu du parte enpresak Es­painia osoan: 150 funtzio izan ziren 2015ean; 191, 2016an; eta 216, 2017an.

International Opera Awards sarietarako hautagaia dela jakin zenuten duela aste batzuk. Zer esan nahi du zuentzat?
Esan dezakegu lirikako ‘Os­car’ak direla sari hauek; musika klasikoaren eta lirikaren inguruan, munduan zehar dau­den sari bakarrak dira. Aur­ten, gu gaude  nominatuta Escalako Antzokiko abesbatzarekin batera, Londo­neko Covent Gardene­ko­arekin... eta guretzat lortutako hau­tagai­tza soila, arrakasta haundia da; mugarri bat da Euskadin, musika klasikoaren, abesbatzen eta operaren munduan.

Hautagaitza lortu duzue Madrilgo Errege Antzokiko abesbatzari esker. 
Bai, Intermezzo Abesbatza da Ma­drilgo Errege Antzokiko abes­batza titularra. %100ean Inter­mezzok kudeatzen duen abesbatza da, kanpoko maisu batek zuzentzen duena, Antzo­kiko langilea den bakarra.  In­ter­mezzok egiten du kudeaketa artistikoa, administratiboa, ko­risten aukeraketa eta ordezkapenak... 
Dena den, gure enpresak ko­ris­tak kudeatzen ditu; kasu ho­netan, abesbatza egonkorra da denboraldi osoan zehar, baina aldatzen joaten gara, gaztetzen, jendea ordezkatzen. 
Aldaketak izaten dira proba zehatz batzuk pasa ondoren... eta helburua da adin baxuko abesbatza eta oso dinamikoa iza­­tea, beste koro batzuk nekez egiten dituzten zenbait produkzio egin ditzaten. 

Nola sortzen dituzue abesbatzak kartara?
Koristen kudeaketa egiten duen enpresa gara, orduan, beharren arabera, sortzen ditugu abesbatzak. Adibidez, duela bi urte, Gironako Pereladako Jaialdian Turandot obra egin genuen; horretarako eskatu ziguten lan horretarako abesbatza sortzeko.  75 korista kontratatu genituen, Espainian bizi zirenak; izan ere, hori bai begiratzen dela, kasu honetan, Bartzelonatik gertu daudenak izatea, betiere, kostuak murrizteko. 
Dena den, horren guztiaren gainetik, beti egongo da kalitatea, eta hori ez dut inoiz alde batera utziko. 
Abesbatzak sortzeaz gain, gure beste espezializazio bat da errefortzuena. Egun hori egiten dugu Bartzelonako Lizeoko ko­ruarekin; ofizialki errefortzuak eskaintzen dioen enpresa da. Hau da, beraiek abesbatza titularra daukate, gutxi gorabehera 56 koristekin, baina korista gehiago behar dituen obra bat egiten dutenean, guk jartzen dizkiegu falta direnak. Duela hiru edo lau urte egindako obra batean, gehiago ziren errefor­tzuak, abesbatza titularra baino. 

«Eu­ro­pan zehar kantatzera joaten nin­tzenean, konturatzen nintzen abesbatza guztiek arazoak zeuzkatela»

Aipatu duzu koristen datu base baten gainean egiten duzuela lan. Nola kudeatzen duzue datu base hori?
Musikako Goi Eskolen dagoen jendeak, abeslari izateko ikasten ari denak... irtenbide profesionala izan nahi du. Orduan, besteak beste, guk entzunaldiak antolatzen ditugu eta informazioa bidaltzen dugu Espainiako kantu eskola guztietara, ikasleek izena eman dezaten. Urtean bat edo bi egiten ditugu, Bartze­lonan eta Madrilen. Hasiera, curriculuma eta entzunaldi bat bidaltzen dute, horietatik aukeraketa bat egiten dugu, eta ondoren, zuzeneko entzunaldia egiten dugu; 700 lagun apuntatu izan dira!
Oso zorrotzak izaten dira probak: irakurketa lehenengo be­giratuan, hainbat hizkuntzetan... hainbat parametro har­tzen dira kontuan jendea aukeratu ahal izateko. 
Gero, erabaki egiten dugu nor izan daitekeen gure datu basearen parte, jakinarazi egiten zaie, eta esaten diegu, kontratatu ahal izateko produkzioren bat iza­tean, gonbidapena bidaliko diegula. Orduan, proposamen bi­koitza bidaltzen zaie: ar­tis­tikoa eta ekonomikoa. Eta be­ra­ien egoeraren arabera eran­tzu­na ematen dute; normalean, 20 korista behar baditugu, gonbidapena 45i bidaltzen zaie. 
Ezin diegu lanpostu egonkor bat eskaini, baina bai ondo or­dain­dutako lan bat, gustatzen za­iena egitea, eta lan-irtenbide bat.
Oraingo honetan, 1000 korista inguru dauzkagu; baina ho­rietatik, 400 ingururekin egiten dugu lan. 

Esan izan duzu enpresa aitzindaria dela Intermezzo. Nola sortu zen ideia?
Bai, aitzindaria da eta bakarra, esango nuke, Europa osoan. Gainera, musika kudeaketako en­presa bakarra da ISO 9001a lor­tu duena, kudeaketaren kalitateagatik. 
Ideia sortu zen ni neu tenore profesionala naizelako, eta hain justu, aurten 20 urte beteko di­tut lan honetan. Orduan Eu­ro­pan zehar kantatzera joaten nin­tzenean, konturatzen nintzen abesbatza guztiek arazoak zeuzkatela, tartean, batez besteko adina altua delako, etab. 
Ikusten dut ideia polita izan daitekeela batetik, jendeari lana emateko, hori baita nire buruhausterik haundiena; eta bestetik, zerbitzu bat eskaintzeko, antzerkiei eta abesbatzen behar profesionalak asetzea. 

Eta horretarako, zer motatako bezeroak izan ohi dituzue?
Egun, Intermezzo bi gauza da: abesbatzak kartara eta ekitaldiak. Aurrenekoa da indartsuena, haundiena, eta bezeroak izaten dira Espainiako operako antzerki eta jaialdiak, udarako jaialdiak... praktikan, opera egiten duten guztiak. 
Eta bigarrenean, Interme­zzo events-en edozein izan daiteke bezero. Hau sortu genuen duela urtebete enpresen, bezeroen eki­taldietan, ezkontzetan, produktuen aurkezpenetan, azo­ketan... batetik, musika klasikoa, opera edo zarzuela es­kaintzeko aukera, eta bestetik, beste musika-zerbitzuak ere: trikitilariak, txalapartariek, folk edo blues taldeak... Zerbitzu-abaniko bat eskain­tzea, modu profesionalean.

Eskaintza zabaltzeak lotura al dauka operaren egoerarekin?
Tradiziozko generoa da opera. Donostian ez dago tradiziorik, ez da inoiz egon. Badago Bil­bon, baita Bartzelonan ere  -ni­re ustez tradizio gehien daukan hiriburua da-, Oviedo ere bai... Eta Madrilek ez dauka, baina badauka Zarzuelan. Hala ere, nik uste dut gora dijoan generoa dela, batez ere, antzoki garrantzitsuek daukaten es­kaintzagatik: Madrileko Errege Antzokiak, Bartzelonako Lize­oak, Oviedoko Campoamorrek, Sevillako Maestranzak, Bilboko Abaok... Antzoki hauek, nahiz eta krisiarekin hainbat arazo izan ziren, saiakera egiten ari dira gazteak erakartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!