Euskadiko aurreneko jatetxea izan da Sansonategi, kriptotxanponak onartzen

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 17a, 01:00

Ez da entzuten dugun aurre­ne­ko aldia, baina nobedadea dira kriptotxanponak, txanpon bir­tualak alegia. Eta oraingoan, Hernaniko Sansonategi jate­txe­a izan da aitzindari horre­tan: Euskadiko aurreneko ja­te­txea izan da, kriptotxanponak onartzen bere zerbitzuen or­dain­keta egiteko.
Azaldu dutenez, «nahiz eta oraindik ere guztiok harritu, datozen urteotan ohikoa izan­go da». Txanpon birtuala da, ez fisikoa, baina betiko txanpo­na­rekin bezala, ahalbidetzen du ondasunan trukatzea. Tresna elek­tronikoen bidez egiten da trukaketa hori, eta txan­po­nategi birtualak deitutakoetan gordetzen dira txanponak: gune digitalak, «oso seguruak kripto­txanponen lapurreten aurrean».
Bitcoin izenekoa da txanpon birtual ezagunena, baina asko dira dauden mota ezberdinak. Ezagunenak, bitcoin, ethereum eta litecoin dira, eta horietako edozeinekin ordaindu daiteke Sansonategi jatetxean. 

«Ostalaritza bezalako sektore batean, lehiakortasuna hain latza izanda, eboluzionatzea ia behar-beharrezkoa da egunean egoteko»

«Beharrezkoa da enpresari eta negozio bezala birmoldatzea»
Jatetxeko jabeek, Aritz Ansolak eta Libe Salaberrik, aurrera­pau­so bat emateko beharra ikusi zuten, zentzu horretan: «uste dugu beharrezkoa dela negozio eta enpresari bezala birmolda­tzea. Eta horregatik, oso kon­tuan hartzen dugu gure ingu­ruan gertatzen ari den guztia. Kriptotxanponak gurekin beti­ra­ko gelditzeko etorri dira, eta hori dela eta, aurrerapauso bat ematea erabaki dugu, osta­la­ri­tzan gainontzekoetatik nabar­menduz, beste zerbitzu asko­ta­ra laster zabalduko den ekimen batekin», dio Ansolak.
Izan ere, ziur daude kripto­txanponen gorakadak, erakus­ten duela ez direla desager­tu­ko, eta gero eta ohikoagoak izango direla, diru fisikoaren alterna­tiba bezala. Zentzu horretan, uste dute hausnartu behar dela, etorki­zu­nean kripto­txan­ponek gure bizitzetan izango duten era­gi­naren inguruan, eta negozioek bizirik jarrai­tze­ko, egokitu eta berritu behar du­tela ikusteko balioko duela; beste­la, konpe­ten­tziak jan edo zahar­ki­tu­ta gel­ditzeko arris­kua dau­ka­­te eta, «are gehiago egun­go tek­­no­­logia berriek daukaten ga­rran­tzia eta hain aldakorra den ingurunea kontutan hartuta».
Kriptotxanponen kasuan be­zala, bere eskaintzan ere berri­kuntzak sartu ditu Sansona­te­gik, inguruabarraren eskarira egokituz: «ho­rrelako ekimenek berri­kun­tza haundia suposa­tzen dute osta­laritza bezalako sektore bate­an; baina hain da latza lehia­kor­tasuna, eboluzio­natzea ia be­har-beharrezkoa dela egunean egoteko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!