Bihar izango du epaiketa, Antonio Mateosen alargunak, goizeko 10:00etan Donostiako auzitegian; gaixotasun profesionalagatik, prestazioa eskatu du. Izan ere, 2015eko irailean hil zen Mateos, «35 urte baino gehiagotan Pedro Orbegozoko langile izan ondoren, mantenimenduko mekaniko bezala, amiantoa, silizea, trikloroetilenoa eta bestelako kantzerigenoekin kontaktuan», azaldu du Asviamie elkarteak, prentsa ohar bidez.
2015eko abuztuan diagnostikatu zioten biriketako adenokartzinoma, eta hilabete batera hil zen. «Mediku informeek jasotzen dute amiantoarekiko esposizioa izan zuela lanean, baina medikuek ez zuten bete bere obligazioa; biriketako minbiziaren jatorria lanekoa zeneko susmoaren berri emateko obligazioa, hain justu», azaldu du Asviamiek: «eta hortaz, gaixotasun profesionalak ezkutatu ahal izatea erraztu dute».
2017ko otsailean hasi zituzten, gaixotasuna errekonozitzeko tramiteak, baina Gizarte Segurantzak ukatu egin zion prestazioa, arrazoituz ez dela posible ziurtatzea minbiziaren jatorria profesionala zela.
«Erabat bidegabea da, ez onartzea prestazioak gaixotasun profesionalagatik, alargunei eta gaixoei, oinarri hartuta enpresen arau hausteak izan zirela. Eta bestalde, zergatik egiten diote uko Osakidetzako medikuek, susmoaren berri emateko obligazioari?», kritikatu du Asviamiek.
Kontzentrazioa, auzitegian
Hori horrela, Mateosen alargunari babesa erakusteko, kontzentrazioa deitu du Asviamiek bihar, Donostiako auzitegiaren aurrean, 09:30etan.