«Azkenean bai, izango da partida bat, Kaxkoko leihoak aldatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 13a, 01:00

«Hernaniko PSE-EEtik, lortu dugu EH Bilduren gobernuaren konpromisoa, aurten ere diru­la­guntzak emateko, Kaxkoko etxebizitzetan leihoak aldatze­ko. Hala argitaratu da Gipuz­koa­ko Aldizkari Ofizialean», azaldu du Ricardo Crespok, Hernaniko alderdi sozialistaren bozeramaileak: «azkenean bai, eskainiko da dirulaguntza partida bat aurten ere, Kaxko­an leihoak aldatzeko».
Crespok nabarmendu du, PSE-EEk proposatu zuela dirulaguntza partida hori, orain dela bi urte, 2016ko au­rre­kon­tuen pro­iektuaren ne­go­zia­ke­te­tan: «or­duan, EH Bildurekin negoziatu ondoren, 60.000 eu­roko partida bat lortu genuen, Kaxkoko leihoak aldatu eta irisgarritasunerako hobekun­tzak, igogailuak adibidez, di­ruz laguntzeko. Hala ere, 80.000 euroko partida eskatu genuen guk», azaldu dute.
2018ko udal aurrekontuen harira, berriz, Crespok gaitzetsi egin zuen udal gobernuaren portaera, bi ekimenak ez zirelako «behar bezala gauzatu», eta «hiltzen utzi» zituelako.
«Iaz, Udalak soilik 10.000 euro bideratu zituen leihoak aldatzera, baina ez zen modu egokian iragarri, eta horrek eragin zuen, eskaera kopurua oso txikia izatea. Horregatik, aurten Kaxkoko bizilagunak animatu nahi ditugu, Udalera gerturatu, dirulaguntza horien­gatik galdetu eta eskaera egitera», adierazi du Crespok.

«Leihoak aldatzea ez da nahikoa, bizi kalitatearen beherakada arintzeko»
Hernaniko PSE-EEk azaldu du, bi helbururekin proposatu zi­tuela dirulaguntzak: «energia kontsumoa gutxitu eta etxeetako baldintza termikoak ho­betzea; eta txotx garaiko zarata arazoak gutxitu eta elkarbizitza arazoak arintzea. Hala ere, badakigu leihoak aldatzea ez dela nahikoa, bizi kalitatea­ren beherakada hori arintzeko. Uda­lak neurriak har­tu behar di­tu­, hernaniarren atsedenerako eskubidea bermatzeko».

Azkenik, udal gobernuari eskatu dio, lehenbailehen argi­taratu dezan, irisgarritasun arazoak konpontzeko dirulaguntzen deialdia ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!