HERNANIK ezin izan zuen garaipena lortu, Zubipen, Añorgaren kontra. Talde nagusiak 0-0 berdindu zuen eta Ordizia, liderra, zortzi puntura urrundu da sailkapen nagusian. Hernaniarrak hirugarren daude kokatuta 40 punturekin eta ordiziarrak baino partidu bat gehiago jokatuta gainera.
Lehen sailkatua igotzen da Hirugarren Mailara eta bigarrenak zaila izaten du. Maila desberdinetako igoera eta jeitsieren menpe egoten da.
Jubenilek garaipen itzela
Hala ere jardunaldiko protagonista nagusiak Ohorezko Mailako jubenilak dira. Azken bolada onari ez zioten bakarrik jarraipena eman, baizik eta sekulako erakustaldia eman eta gero Zubipen, larunbatean, 5-3 irabazi zioten Eibarri.
Garaipen honekin postu bat irabazi dute eta garrantzitsuena da salbazioa puntu bakarrera dutela. Gogoratu behar da lau taldek galtzen dutela maila eta oraingoz Hernani 13garrena da 16 taldetik. Hala ere, azken sei-zazpi sailkatuak puntu gutxiren aldea dute bata bestearekiko. Denboraldia amaitzeko zazpi jardunaldi falta dira.