Ainhoa Intxaurrandietak hitzaldia eskainiko du Hernaniko Biteri kultur etxean, etzi, otsailaren 14ean, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan.
Gipuzkoa Zutik mugimenduak Elkartasun Bira antolatu du. Bertan, Ainhoa Intxaurrandieta berari eta Iñaki Errazkini elkartasuna adierazten zaie. Bira Gipuzkoa osotik egingo da eta lehen hitzaldia Hernanin izango da. Angula ustelak du izenburua.
Auziperatu egin ditu gaur egungo Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako zuzendaritzak
2011tik 2015era Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa partzuergoko (GHK) presidente izan zen eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu.
GHK-ko egungo zuzendaritzak auzitara jo du haien aurka, 2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik.
Egungo Ingurumen diputatuak, Jose Ignacio Asensio sozialistak azaldu zuenez, Zubietako errauste planta geratzeko erabakiak ekarritako kalte ekonomikoak direla eta jarri dute Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren aurkako auzi-eskea Espainiako Kontu Auzitegian, kalte horien arduradunak Bilduko bi kargu ohiak izan zirela argudiatuta.
Guztira 41 milioi euro itzultzea eskatzen diete: 8,2 milioi erraustegiaren eraikitzeko kontratuak bertan behera uzteagatik ordaindutako indemnizazioengatik, eta gainerakoa, errauskailua geratzeak ekarri zituen bestelako ondorio ekonomikoengatik.
Gauzak horrela, Errazkin eta Intxaurrandieta auzitegira eramateko erabakia «mendeku gose»-aren ondorio dela adierazi zuen EH Bilduk. «Kontsortzioan sartu baino astebete lehenago, EAJk eta PSEk errauskailuaren proiektua FCC enpresari esleitu zioten modu ilun eta presazkoan». Hitzaldian horri buruz hitzegingo da.