TXOTX garaiak dirauen bitartean, Plazan egongo da Segurtasun eta Informazio gunea. Apirilaren amaiera arte, larunbatero, 18:00etatik 05:00ak arte irekita egongo da eta bertan udaltzainak egongo dira hurbiltzen diren herritarrei eta bisitariei laguntza ematen.
Helburua prebentiboa da, udaltzainen presentziak berak kale istiluak eta erasoak murriztea espero da. Hala ere, erasoak gertatuz gero, herritarrei erraztuko zaie bertatik bertara salaketak jartzea.
Bi arlo jorratuko ditu guneak. Batetik, informazioa: garraio publikoarekin lotutako informazioa eskuratu ahal izango dute herritarrek zein bisitariek. Era berean, emakumeei zuzenduta, sexu erasoen kasuan erakunde publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuak jasotzen dituen txartelak ere eskuragarriak izango dira.
Bestetik, segurtasuna: sexu erasoren bat edo istiluren bat gertatuz gero, salaketa bideratuko da gunetik bertatik.