«Kantu hauek ez daude bakarrik gure amarekin lotuta, fisikoki gogora ekartzen didate Hernaniko txoko bana»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 10a, 01:00

Egunsentiak alperrentzat diska kaleratu berri duzu. Alzheimerra izan duen amaren ondoan bizitako kontatzen duzu. Zergatik gai hau?
Nik aukeratu baino, gaiak au­ke­­ratu nau ni. Kasu honetan,  gure familiaren azken urteetan gai na­gu­sia izan da, ez bakarrik ama­ren, bien, gurasoen gaixotasuna. Gainera, baneukan go­goa egiteko diskoa bat barr­ura begirakoa eta halaxe izan da, gauza natural bat. 

Bada ezkutuan dagoen gaixotasuna, alzheimerra. Zure lan honek lagunduko al du ikusarazten?
Ez dakit; ez zait hainbeste interesatzen gaixotasuna ikusaraztea, gaixoak ikusaraztea da kontua. Alde horretatik, niretzat oso esperientzia aberasgarria izan da; gaixoaren ondoan bizitzen dituzunekin asko ikasten du­zu, pertsona hortaz, baita zure buruaz ere. Nik uste dut baliagarria izango dela, batez ere,  zaintza prozesutan da­biltzanentzat, ez bakarrik alzheimer gaixotasunekin, bes­te hainbatekin ere, azkenean, zain­tza-zaintza delako.

Aipatu izan duzu amarekin beste harreman lortu zenuela. Nolakoa zen harremana? 
Gure harremanak beste maila batera saltatu zuen. Gaixotasu­naren ondorioz, oso harreman intimoa bihurtzen da zaintzen duzun pertsonarekin daukazuna. Ordu asko ematen dituzu berarekin, eta iristen zara lehen iristen ez zinen lekuetara; hamaika mila momentu daude bestela biziko ez zenituzkeenak. Kasu honetan, gainera, nik uste dut alzheimerrak ere eraginda nolabait, nolabait rolak ere aldatu egiten dira. Eta ia-ia ez dakizu oso ondo zaren semea, zaren senarra… baina beste maila batetara igarotzen da, pertsona horrek ikusten duzu nola zugan jartzen duen konfian­tza, zuri kontatzen dizkizu kontatzen dituenak, zurekin igarotzen ditu momentu hunkigarriak, momentu alaiak… Hori gaixotasuna baino lehen ezinezkoa litzake, ze ni beti izango nintzateke seme bat, gizonezkoa, etxetik kanpo bizi dena, eta bera izango litzake ama, familia guzti bat aurrera atera duena eta bere bizitza osoa lanean egon dena. Nolabait, behar horrek hurbil­tzeko aukera eman zidan. 

Nola islatzen duzu diskoetan?
Kasualitatez hasi zen; amak, goizero, egunsentiaren atarian Santa Barbarako buelta egiteko ohitura zeukan, eta joaten zen bere oso lagun haundi batekin, Roxaritorekin. Biak joaten ziren, eta hantxe ematen zuten beren buelta goizetan, baina Roxarito erori eta aldaka hau­tsi zuen edo horrelako istripuren bat. Horren aurrean, erabaki genuen anai-arrebok, amak bakarrik buelta ez emateko, baten bat joango zela berarekin paseatzera; ni nin­tzenez ordutegian hobekien moldatu nintekeena, hasi nin­tzen ni paseatzen goizero amarekin. 

Jada bageneramakien urte pare bat edo paseatzen, ez egunero baina ia-ia egunero, hirutan edo lautan, eta orduan bai, tarte horretan susmatutakoak gauzatu ziren, eta handik bi urtetara-edo, alzheimerra diag­­nos­­­tikatu zioten. Ondo­reng­o hamar urteetan jarraitu genu­en paseatzen, bere azkeneko hiru hilabete arte, ia egunero paseatu dugu. 

Eta hortik abiatuta, modu naturalean izan da diskoa. Niretzat hasieran karga bat zena, bihurtu zen laguntza modu bat, eta gero bihurtu zen plazer bat; plazerra zen amarekin goizetan paseatzea.  

Orduan, paseo hauen bueltan grabatu duzu diskoa.
Kontua da hor hasi nintzela egiten eguneroko txiki baten moduko bat; joaten nintzen ideiak, zirriborroak apuntatzen eta testu horiek gorde egiten nituen. Eta bat-batean, beldurretik errutinara salto egindakoan, hasi nintzen argazki­ak ateratzen, argazki bat ateratzen nion egunsentiari edo ingurukoari.

Hortaz, argazkiak ateratzea izan zen modu bat gertatzen ari zenari aurre egiteko?
Hori da, lasaitu nintzenean, Facebooken goizero jartzen nuen argazki bat, paseo bat egiten genuenean; argazki bat paseo bakoitzeko. Orduan, jar­tzen nion izenburu bakarra zen ‘Egunsentiak Alperrentzat’ eta data. Eta zer gertatu zen? Ba jendea hasi zitzaidala idazten, eta sortu zen halako joko bat, eta hala eman nituen lau urte-edo argazki horiek argitaratzen esan gabe zergatik zen. 
Orduan, ama hil zenean, kontatu nuen Facebo­oken ere, istorioa. Nola argazki bakoitza zen paseo baten lekukotasuna; konturatu nintzen argazki ho­riek zirela nolabait gaixotasunari lapurtzen ge­nion egun ba­koitza zen argazki bat. Face­booken kontatu nuenean, erabaki nuen testu ho­riekin kantuak egingo nituela eta izenburu hori atera zitzaidan naturalki. 

«Baneukan go­goa egiteko diskoa bat barr­ura begirakoa eta halaxe izan da, gauza natural bat»

Disko pertsonalena da, ezta?
Dudarik gabe; beti egin ditut kantu pertsonalak, baina ez hain nabarmen, ez hain barrutik hitz egiten eta gainera, hitz egiten dut oso modu intimoa beste batzuez. Horrek erreparo haundia ematen dit.

Eta hori guztia aurkezteko, hilaren 23an, Biterin izango zara. Nola eramango duzu hau guztia eszenatokira?
Joango gara denok gure amarekin pase­atzera; kantu hauek ez daude bakarrik gure amarekin lotuta, edo nire errealitatearekin, kantu hauek fisikoki gogora ekartzen didate Hernaniko txoko bana. 
Guk paseoa hasten genuen Etxeberrin eta ematen genuen buelta Santa Barba­rara, eta buel­tatzen ginen Etxebe­rrira. Kasi-kasi kokatu dezaket kantu bakoitza ibilbide horretako leku batean. 
Izango da paseo moduko bat, eta paseo horretan joango naiz kontatzen nola bizitu izan nuen. Garran­tzia berezia hartzen dute aurkezpenek. Sa­ia­­tuko gara ere argazkiak pro­iek­ta­tzen. Oso paseo zehatza izan­go da, eta pozik egingo dut hemen; ia-ia estreinakoa izango da, Gasteizen izango naiz bezperan, baina niretzat estreinua hau izango da, Hernani­koa.

Berriro ere, autoekoizpena. Nolatan?
Alde batetik erabaki nuen pro­iektua nahi nuen bidetik eramateko. Garbi neukan kantuak Creative Commons lizen­tzia­pean banatu nahi nituela, eta beraz, kantuak deskargatu ahal izango dira nire web orritik: www.morau.eus. Horrek baditu erabaki batzuk, talka egiten dutenak musikaren ne­go­zioaren martxarekin. Eta bestetik, sortuko ziren diskoa eta ikuskizuna ahalik eta ge­hi­en mimatzea, eta ahalik eta pertsonalena izatea eta era berean, ahalik eta erakargarrien.

Eta nola egiten da hori?
Aurreneko sekretua da: diskoa ez da bakarrik soporte bat kantuak entzuteko, diskoa bada objektu bat, eta horrek badauka edertasun bat. Zaindu behar dira detaile horiek. Eta bigarrena, lagun-koadrila bat edukitzea laguntzeko prest, eta aukera ematea jendeari parte hartzeko proiektuan; alde horretatik, ezin naiz kexatu.

Eskuz eginda daude, eta beraz, ez daude bi CD berdinak direnak. Hori izan da modu bat balorea eransteko diskoari. CD bat da objektu bat merezi duena eskuratzea. Gaur egun, MP3 batean sartzen dituzula 2.000 kantu, ze zentzu dauka disko batek ez bada horrelako zerbait? Maitasun askorekin egindako zerbait, artisau kutsu horrekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!