Dardarka hasi dituzte inauteriak!

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 10a, 01:00

«Emozio asko geneuzkan, bai­na begira zein geratu zaigun azkenean: beldurra. Horixe pa­sako duzue gaur! Mota guztietako pertsonaiak izango ditugu, alaiak, bihurriak, beldurgarriak... baina denak maitagarriak!», aurreratu zieten atzo, Emozioz blai! emanaldira gerturatu zirenei.
Eta hala izan zen, beldurrezko antzerki eta dantza saioa eskaini baitzuten Herri Esko­la­ko ikasleek, inauteriei hasiera emateko. Eta nolako hasiera! Dardarka jarri zituzten ikusle guztiak, eta ez hotzagatik, goxo goxo baitzegoen kiroldegia.

Festa gaur arratsaldean, Txomiñene frontoian
Atzo txikienek hasitako bideari, gaur jarraituko diote herritarrek, eta festa egingo dute arra­tsaldean. Hasiera batean Jose­ba Barandiaran plazan egitekoak ziren, baina eguraldi txarra emana dagoenez, Txo­mi­ñe­ne frontoian egingo dute ziurrenik.
Arratsaldeko 16:30etan ekin­go diote, inauterietako mozorroei azkeneko ukituak emanez: haurrentzako makilatze eta orrazketa tailerrak jarriko dituzte bertan. Eta denak txukun txukun apaindu ondoren, disko festa hasiko da, Julen Ibarrola DJarekin, 17:00etan.
Berak bukatzean, herriko kaleetan barrena segiko du festak, txaranga aterako baita arratsaldeko 19:30etan.

Euskal Inauterien konpartsa, Ergobiatik bihar
Bihar, berriz, Euskal Inauterien konpartsak hartuko du erreleboa. Printzipioz, eta eguraldiak laguntzen badu, 11:30etan abiatuko dira Ergobiatik, Astigar tal­deko dantzariak eta Txirris­klako txistulariak; eta Joseba Barandiaran plazara bidean, dantzatuko dituzte Goizuetako Zahagi Dantza, Oriako Sorgin Dantza, eta Lantzeko inauteriko dantzak. Bukaeran, plaza dantza saio irekia izango da, 13:30ak aldera.
Eguraldia txarra eginez gero, ordea, Txomiñenen elkartuko dira, eguerdiko 12:00etan, eta bertan eskainiko dituzte dan­tza saioak.

Kaldereroak gaur zortzi, bi ordu lehenago
Eta kaldereroek segiko dute izaten Astigarragako berezitasuna, inauterietan: inauteriak datozela iragarri beharrean, bukaera ematera etorriko dira. Gaur zortzi izango da hori, da­torren larunbatean, Ergobiatik abiatu eta Joseba Barandiaran plazaraino. Hori bai, ordu alda­keta izan da, eta arratsaldeko 17:30etan abia­tuko dira azkenean, ez 19:30etan.
Bukaeran, afaria egingo du­te, Zipotza elkartean, eta txartelak salgai daude bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!