Martxoaren 11n hasiko da Josetxo Ezkurraren omenezko XXVIII. Pilota Txapelketa, eta izenematea irekita dago, otsailaren 18ra arte.
Maiatzera arte, kanporaketak
Eskuz banaka eta lau eta erdiaren barrenean jokatuko da txapelketa, benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan, eta kanporaketak maiatza edo ekainera arte luzatuko dira. Partidu horiek guztiak igande goizetan jokatuko dira.
Doneztebeko Erreka elkarteak antolatzen du txapelketa hau, eta irekia izanen da. Horrela, izena emateko epea zabalik dago, otsailaren 18ra arte. Horretarako, salaae@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.
Bi partidu gaur, etxetik kanpo
Asteburu honi dagokionez, berriz, bi partidu izanen dituzte pilotari goizuetarrek; biak gaur, eta biak etxetik kanpo.
Batetik, Leitzan jokatuko dute eskuz binaka 3garren benjamin mailako pilotariek, Aurreraren kontra, goizeko 10:00etan hasita.
Bestetik, eskuz binaka baita ere, bigarreneko alebinek, Ultzama izanen dute aurkari, Larrainzarren, 11.00etan.