Aurreko urtean hasitako bideari, segida emango diote 2018ko denboraldi honetan, Astigarragako Txirrindulari Taldeak eta Herri Eskolako Guraso Elkarteak, elkarlanean: eskola kirolaren barruan, txirrindulari taldetxo bat osatu dute.
Talde horretan, Lehen Hezkuntzako 5garren eta 6garren mailetako neska-mutilak ariko dira, eta astean zehar, bi entrenamendu saio egingo dituzte. Asteburuetan, berriz, aukera izango dute lasterketetan parte hartzeko, mendiko bizikletarekin edota errepidekoarekin.
Aurtengo nobedadea, hilean behineko saio irekiak
Berrikuntzarik ere izango da aurten, eta nobedade nagusia, hain justu, asteburuetan izango da. Hilean larunbat batean, saio irekia egingo dute, herrian bertan, «lasterketetara joan nahi ez duten haurrek bere saioa izan dezaten», azaldu dutenez. Saio horietako batzuetan, gainera, herriko gainerako haurrek ere izango dute parte hartzeko aukera.
Denboraldi berrirako ilusioz azaldu dira Txirrindulari Taldetik: «ea aurten ere, lehengo urtean bezain gustura ibiltzen diren, eta txirrindularitzarako grina pizteko balio dien. Joan den urtean ekimen honetan parte hartu zutenetatik, batzuek pauso bat eman dute, eta Oarsoaldeako Otxe eta Hernaniko JOCC taldeetan ariko dira denboraldi honetan, lasterketaz lasterketa», azaldu dute.
Jaime Romero, Espainiako Koparen azkeneko proban
Gazteetan, berriz, pistako azkeneko probekin ari dira; eta Gipuzkoako denboraldia bukatuta, Espainiako Kopako azkeneko proban ariko da Jaime Romero, asteburu honetan. Palma de Mallorcan izango da.
Hortik aurrera, errepidean zentratuko dira txirrindulariak. Otsailaren bukaeran izango dituzte aurreneko lasterketak.