Futbol partidu gutxi izango dira asteburu honetan, baina CD Hernanik jokatuko dituen gehienak, Zubipen izango dira. Talde nagusienen artean, Ohorezko Mailako erregionalek eta Ohorezko Maila nazionaleko jubenilek soilik jokatuko dute; biek Zubipen.
Erregionalena izango da aurrena, 16:00etan hasita; eta Añorga hartuko dute, igoeraren lehian jarraitzeko. Izan ere, liga erdipurdi hasi ondoren, bikain ari dira hernaniarrak orain, eta bigarren postura igo dira. Kontua da, Ordizia sei puntu gehiagorekin dagoela, partidu bat gutxiago jokatuta. Beraz, huts egiteko ia aukerarik ez daukate txuri-berdeek, igoera zuzeneko postu hori borrokatu nahi badute.
Jaitsiera saihestea da, aldiz, jubenilen borroka. Eta horretarako puntuen bila aterako dira 18:00etan, Eibarren kontra. Seigarren sailkatua da talde eibartarra, eta beraz, partidu zaila izango dute hernaniarrek. Baina garaipenaren bila aterako dira, puntuak pilatu beharra baitaukate, jaitsiera postuetatik ateratzeko. Oraintxe, hiru puntura dago, salbaziorako langa.
Beste bi partidu ere jokatuko dira Zubipen, gaur bertan. Goizeko 10:00etan, Danena hartuko dute neska jubenilek, Kopan; eta 12:00etan Añorga, mutil kadeteak.