Aurreko igandean hasi zen, Gasteizko Ogetan, esku pelotako Emakume Master Cup txapelketa. Eta tartean dira Hernaniko hiru pelotari ere: Patri Espinar eta Amaia Araiztegi lehenengo mailan, eta Maria Granado promozioko txapelketan.
Hiruek lortu dute, gainera, aurreneko kanporaketa gainditzea. Maddi Mendizabal zaldibiarrarekin ari da Araiztegi, eta A multzoan, jokatutako bi partiduak irabazi zituzten: Nagore Bilbao eta Arrate Bergarari 18-11, eta Joana Flaviano eta Amaia Aldairi 18-9. B multzoan aritu zen Espinar, Eneritz Arrieta azkoitiarrarekin, eta biak irabazi zituzten haiek ere: Maider Mendizabal eta Miren Larrarteri 18-14, eta Olatz eta Maite Ruiz de Larramendiri 18-11.
Granado, berriz, promozioko 7garren multzoan aritu zen, Maritxu Oiartzun errenteriarrarekin bikotea osatuta. Bi partidu jokatu zituzten, eta Nuria Telleria eta Carlota Albasen kontra 13-18 galdu ondoren, 18-0 irabazi zieten Maddalen Etxegarai eta Uxue Osesi.
Bigarren kanporaketa, datorren asteburuan
Guztira, 50 bikotek hasi zuten txapelketa, eta 24 bikotek egin dute aurrera. Zehazki, lehenengo mailan, zortzi bikotetik sei sailkatu dira; eta promoziokoan, 42 bikotetik 18 sailkatu dira.
Aurrera egin duten bikoteek, datorren asteburuan izango dute bigarren kanporaketa.
Kategoria bakoitzeko lau bikote onenek, Oñatin jokatuko dituzte semifinalak, martxoan; eta finalak, azkenik, martxoaren 25ean jokatuko dira, Eibarko Astelena frontoian.