Bihar egingo dute inauterien hasiera ofiziala, 15:15etan, Plazan. Bertan elkartuko dira herriko eskola guztietako haur eta gazteak. Pregoia irakurri, eta txarangaren atzetik aterako dira, inauteriak alaitasunez eta dantzan hasteko. Negu hotza berotzeko mozorro festa baino hobeagorik ez dago.
Ondoren, 17:00etan aterako dira erraldoi eta buruhaundiak, dultzaineroek eta Kriskitiña dantza taldeak lagunduta. Eta 17:30etan, haurrentzako Txapela buruan eta ibili munduan Eidaberen ikuskizuna egongo da Plaza Berrin.
Munduko inauteri entzutetsuenetakoak dira New Orleansekoak eta bertako soinuak ekarriko dituzte 19:00etan Broken Brothers Band jazz musika banda iruñearrak. 20:00etan esku pelota partiduak izango dira, kiroldegiko frontoian eta ordu berean, Le Carnaval des Animaux doinuak joko ditu Musika Bandak, Biterin.
Ereñotzun ere eskolako haurrak, kalejiran
Ereñotzun ere Eskolako inauteriak ospatuko dituzte bihar Txirritan. Arratsaldeko 15:00etan eskolatik kalejiran aterako dira ikasle zein irakasleak; eta eskola ingurutik bueltatxo bat eman ondoren, frontoira helduko dira. Frontoian ikasle batzuen emanaldi batzuk izango dira eta ondoren, hiru bat dantzarekin amaituko da festa. Festaren amaieran, Katiluzar Guraso Elkarteak merendola bat antolatuko du ikasle guztientzat. Inauteriak direla eta, astelehen eta asteartea jai izango dute Txirrita eskolan.
Auzoetan ekitaldiak
Hernaniko auzoak ekitaldi desberdinak antolatzera animatu dira. Honela, Zikuñagan mozorro lehiaketa antolatu dute, eskoletan 17:30etan. Lizeagan, 18:30etatik 21:00etara pintxopotea doan egongo da.
BIHAR-EGITARAUA
- 15:15etan: Jaien hasiera Gudarien plazan. Jarraian eskolako umeak irtengo dira txarangarekin.
- 17:00etan: Erraldoi eta Buruhandiak. Kriskitiña dantza taldea eta Hernani Musika Eskola Publikoko dultzaineroak.
- 17:30etan: Haurrentzat Txapela buruan eta ibili munduan Eidaberen ikuskizuna Plaza Berrin.
- 19:00etan: Broke Brothers Brass Band erdialdean.
- 20:00etan: Le Carnaval des Animaux, Hernaniko Musika Bandaren kontzertua Biterin.
- 20:00etan: Afizionatu kategoriko pelota partiduak kiroldegian.