Ikaragarria izan zen Goya sarien gala, Handia filmarentzat; eta ikaragarria, beraz, Jon Garaño zuzendari astigartarrarentzat. Beraien aurreikuspen onenak, txiki utzi zituen sari banaketak, eta pelikula arrakastatsuena izan zen Handia: jasotako hamahiru izendapenetatik, hamarretan eskuratu zuen Goya saria.
Luze-luzea da jasotako sarien zerrenda: errebelazio aktore onena (Eneko Sagardoy), gidoi original onena, musika original onena, produkzioko zuzendaritza onena, montaje onena, argazki zuzendaritza onena, zuzendaritza artistiko onena, jantzi diseinu onena, makillaje eta pelukeria onena, eta efektu berezi onenak.
Sari gehien jaso dituen pelikula izan da Handia, eta alde nabarmenarekin, gainera. Hiruna jaso dituzte El verano de 1993 eta La librería filmek. Azken horrek jaso ditu pelikula eta zuzendaritza onenarenak, Handia ere hautagai zena.