Mozorroz beteko dute kiroldegia aurten ere, ostiral argalarekin, Astigarragako Herri Eskolako ikasleek. Gela bakoitzeko ikasleak dagokien mozorroaren paperean sartu, eta dantza eta antzerki saioak eskainiko dituzte. Etzi arratsaldeko 14:30etan izango da hori, Emozioz blai! emanaldiarekin.
Baina ikasleek bakarrik ez, bisitari berezi batek ere gozatu nahi ditu inauteriak: «eltzetxo bat agertu da gure eskolan egunotan. Urrutiko planeta batean bizi omen da, eta han ez dago festarik. Horregatik, Eltzetxok gure inauteri festa ezagutu nahi du», azaldu dute ikastolatik. Teilatutik zintilik dago, soka batekin, lo seko; eta egunero kantatzen diote, esnatzeko:
«Aizu, Eltzetxo txo txo
zer dezu barruan an an
hor gaizki zaude e e
gure teilatuan an an
etorri behera ra ra
opari moduan an an
ta ikusiko degu gu gu
zer dezun barruan an an!»
Jolas garaian kantatzen diote, «eta zenbat eta gogo, irrika eta kemen gehiagorekin abestu, orduan eta gehiago jaisten da Eltzetxo. Inauteri egunean guregana iristea lortuko dugu elkarrekin abestuz, eta orduan, barruan zein sorpresa dakarren jakingo dugu!». Inauteriak bukatzean, bere planetara bueltatuko da Eltzetxo: «ea datorren urtean, berriro gurekin den...».
Asteburuan jarraipena, inauterien festak
Ostiralean hasitako festak, segida izango du asteburuan. Larunbat arratsaldean, zita jarri dute Joseba Barandiaran plazan; eguraldi txarra egiten badu, Txomiñene frontoian. Arratsaldeko 16:30etan, aurrena, mozorroei azkeneko ukituak emango dizkiete, haurrentzako makilatze eta orrazketa tailerrarekin. Ondoren, disko festa izango dute bertan, Julen Ibarrola DJaren eskutik, arratsaldeko 17:00etan. Eta saioa bukatzean, txaranga aterako da 19:30etan, giroa jartzera.
Igandean, berriz, Euskal Inauterien txanda izango da. Goizeko 11:30etan abiatuko dira, Ergobiatik, Astigar taldeko dantzariak eta Txirrisklako txistulariak; eta erdigunera bidean, Goizuetako Zahagi Dantza, Oriako Sorgin Dantza, eta Lantzeko inauteriko dantzak eskainiko dituzte. Joseba Barandiaran plazan bukatuko dute, eguerdiko 13:30ak aldera, eta bertan, plaza dantza saio irekia izango da. Eguraldi txarra bada, ez dute ibilbidea osatuko; 12:00etan hasita, dantza saioa eskainiko dute, Txomiñenen.
Kaldereroek, bukaera
Eta ohitura den bezala, kaldereroek iragarriko dute inauterien bukaera. Otsailaren 17an aterako dira, 17:30etan Ergobiatik kalejiran abiatuta (ordua aldatu dute), Joseba Barandiaran plazara bidean.
Bukatzeko, afaria egingo dute, Zipotza elkartean, eta txartelak salgai daude, elkartean bertan.