Prest gaude!!!

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 6a, 01:00

Dakizuen bezala, 2017ko abenduaren 9an, Orain Presoak! lelopean 11.000 lagun bildu ginen Parisen, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien amaiera exijitzeko gobernuari. Sei urte pasatu dira ETAk armak utzi zituenetik, baina espetxe-politika gogor eta ankerra aplikatzen jarraitzen dute Paris eta Madrileko gobernuek, eta presoen bizi-baldintzak okertu besterik ez dira egin. 
Parisekoa garrantzitsua izan da, 11.000 lagun ez baitira hain urrutira erraz eramaten. Hori bezain garrantzitsua da, ordea, gure helburua lortu bitartean, orain arte metatutako indarrari eutsi eta jende gehiagorengana iristea. Izan ere, jendarte zibilaren ahalmena handia da oso. Hori egiaztatzen duten hainbat adibide badauzkagu inguruan, eta horregatik, ezin gara Parisen gelditu. 
Urgentziaz behar dugu espetxe-politikaren aldaketa, eta bakegileak lanean ari dira hori lortzeko bidean. Baina, haiek dioten bezala, guztiok izan behar dugu bakegile. Guztion inplikazioa da beharrezkoa, jokoan dagoena asko baita: euskal presoen auziari amaiera ematea, senideei justizia egitea, eta egungo krudelkeria eta sufrimenduarekin amaitzea. 
Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da Pariseko bultzadari segida ematea; eta segida urtarrilaren 13ko manifestazioak emango dio Bilbon. Urteroko hitzordu jendetsua izaten da Bilbokoa, baina egungo testuinguruan are jendetsuagoa izatea nahi eta behar dugu; izan ere, Ibon Iparragirrek eta gaixorik dauden gainerako preso guztiek etxean egon behar dute, adinekoak eta kondena beteta dutenak espetxetik atera behar dituzte, gradu-aldaketak onartu behar dituzte, sakabanaketari amaiera eman behar zaio (Marta Igarrizen senitartekoei elkartasuna), kondena bidegabeak baliogabetu egin behar dituzte, baldintzapeko askatasuna onartu behar dute, eta iheslariek etxera etorri behar dute.  Pazientzia agortzen ari zaigula adierazi behar diegu bi estatuei, eta presoen auzia konpontzeko unea iritsi dela argi utzi.
Horregatik, urtarrilaren 13an izan bakegile. Bete ditzagun Bilboko kaleak, elkarrekin aurrera egiteko. 

Aitziber Larramendi Muxika eta Josefa Etxeberria Iturralde
Hernaniko Sare

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!