Intsektuei buruzko erakusketa jarri du David Lopez hernaniarrak Biteri kultur etxean. Hilaren 14ra arte egongo da bertan eta 35 urteko hernaniar honen lehen erakusketa da. Intsektuak inoiz ikusi ez ditugun bezela ikusi daitezke berak jarri dituen 40 argazkietan. «Argazkilaria ez naiz eta hobby bat da niretzat. Lana dela medio nahiko utzia dut orain bertan argazkilaritza».
Hala ere aurretik eginiko lana bildu eta kultur etxean jarri du, aspaldidanik bait datorkio intsektuekiko afizioa. «Txikitatik gustatu izan zait natura eta batez ere intsektuak. Gida liburu bat oparitu zidaten txikitan eta oporretan intsektuak klasifikatzen pasatzen nuen denbora. Gaztetan kamera bat erosi eta nire bi afizioak; argazkilaritza eta intsektuak uztartzeko bidea bilatu nuen».
Bere lehendabiziko argazkietan landareak eta intsektuak ateratzen ziren eta denborarekin geroz eta gertuago ikusi nahi zituen animali txiki horiek. «Beraien aurpegia ikusi nahi nuen, gero begia eta azkenean obsesio moduko bat bilakatu zen. Azken muturrera iritsi nahirik begiaren zatirik txikiena ere ikusi nahi nuen argazkietan».
Pazientzia haundia behar duen lana da eta ez da batere erraza. ‘Makro extremo’ argazkilaritza erabiltzen du. «Oso zaila da. Argazki bakoitzak agian 200 argazki ditu, 300 edo 600 ere bai, kalitatearen arabera. Horretarako tresna edo tramankulu bereziak behar dira eta gehienak nik neuk eginak dira. Mikrometroa esaterako. Argazki bat atera behar da, mikrometroa mikra bat mugitu ondoren argazkia egiten dut, behin eta berriro operazioa errepikatuz ehun edo 600 aldiz (eta gehiago intsektuaren tamainaren arabera). Argazki bakoitzetik garden dauden zatiak batuz behin betiko argazkia lortzen dut programa berezi batekin. Teknika honi irudien batuketa deitzen zaio».
«Intsektuek egindako selfiak ematen dute»
David Lopezen 40 argazki inguru daude Biteriko erakusketan, batzuk etxean utzi behar izan ditu. 20-30 intsektu mota ikusi daitezke eta gehien agertzen dena eulia da. Lauzpabost ikusi daitezke. «Begi oso haundiak dituzte eta oso ikusgarriak dira».
Asko aldatzen da intsektu bat gure begietatik ikusi edo David Lopezen kameraren begiaren bitartez ikusita. «Azkenean, selfiak bezala dira».
Animali txiki hauek gertutik eta haundituta ikusteak asko erakartzen du jendea. «Erakusketak hiru egun daramatza eta harrituta geratzen da ikusten duenarekin. Ikusgarria dela esaten dute eta eskerrak eman ere bai mundu horretara hurbiltzeagatik».
«Liztor asiatikoarena da daukadan aurpegirik haundiena»
Normala den bezala argazki gehienak udaran ateratakoak dira, «errezagoa bait da intsektuak aurkitzea. Hala ere, erakusketan estudioan egindako argazkiak daude eta kanpoan egindakoak ere bai. Kanpokoak argazki txikiak dira eta estudiokoak aurpegiak dira, haundienak. Txikietan jaiotze prozesua ikusi daiteke adibidez».
Euliak, erleak, David erlezaina ere bada, liztorrak, txingurriak, zorriak... ikusi daitezke. «Liztor asiatikoa hortxe dago eta daukagun aurpegirik haundiena da. Haurrak eskolatik atera eta gero ikustera etorri dira. Harrituta geratzen dira. Txingurriak abiak nola egiten dituzten eta estaltzen dituzten ere agertzen da erakusketan. Arraultzak nola jartzen diren ere bai».
Armiarmak ez dira intsektuak, baina intsektu liburu gehienetan ere agertzen direnez Biteriko argazkietan badaude. David Lopezen lehen erakusketa da eta lanak eginak dauzkala aprobetxatuz beste nonbait jartzeko esaten badiote prest egongo litzatekela dio. «Jarriko nuke erakusketa leku gehiagotan». yy