Eguraldiari kasurik egin gabe, aterkipean abiatu ziren Kaldereroak larunbat gauean Elur Txori elkarteko ataritik. Ohi bezala, Oarso kalean abestu, Sandiusterrin gero, eta atertzea lortu zuten Hungariatik espresuki etorritako lagunek: «orain Plazara joango gara, eta gero, ikusiko dugu», jakinarazi zuen Josu Lopezek mikrofonotik. Esan eta egin. Inauteriak badatozela iragarri nahi zuten, eta horrek irriparreak, alaitasuna eta mozorroak eskatzen zituen; haiek hasi baitziren, aurtengo inauteriei erritmo pixka bat jartzen.
Erritmo horri jarraitu zion atzo Musika Bandarenak. Tolosako inauterietako doinuak oinarri hartuta, hurrengo astean datorrena iragarri zuen: festa, mozorroak eta giro ona!
Ostiralean hasiko da ofizialki festa, arratsaldeko 15:15etan, Plazan.
Ostiraletik festa besterik ez
Hala izango da, hain zuzen, ostiraletik aurrera. Herriko txikienen eskutik, ostiralean, arratsaldeko 15:15etan izango da jaiaren hasiera Plazan. Eta hortik aurrera, etenik gabe izango da festa astearteko sardinaren ehorzketara arte: haurrentzat ikuskizunak, txarangak, jolasak, azeri dantza... denetarik izango da, mozorroen osagarri gisa.
Balkoiak apaintzeko deia
Mozorroez aparte, herria girotzeko deia ere egin du Berriak Elkarteak, balkoi lehiaketarekin. Helburua da Kaxkoa alaitzea eta kolorez betetzea, eta horretarako, denak balio duela diote. Inauteriak bukatzean, hilaren 15ean banatuko dute saria: 100 euroko bonoa jasoko du Berriakeko dendetan erabiltzeko.
INAUTERIETAKO EGITARAUA
OTSAILAK 9, ostirala
15:15, Jaien hasiera Plazan. Jarraian, eskolako umeak irtengo dira txarangarekin.
17:00, Erraldoi eta buruhaundiak. Antolatzailea: Kriskitiña dantza taldea eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroak.
17:30, Haurrentzat Txapela buruan eta ibili munduan Eidaberen ikuskizuna, Plaza Berrin.
19:00, Broken Brothers Brass Band erdialdean.
20:00, Le Carnaval des Animaux. Hernaniko Musika Bandaren kontzertua Biteri kultur etxean.
20:00, Afizionatu kategoriako pelota partiduak kiroldegian.
OTSAILAK 10, larunbata
10:00, Azeri dantza.
11:30, Inauterietako txaranga.
11:30, Haurrentzat poniak eta zezen txikiak Latsunbeberri auzoan.
12:00, Erromeria Jeiki Hadi taldearekin. Antolatzailea: San Joan Konpartsa.
13:00, Erraldoiak eta buruhaundiak. Antolatzailea: Kriskitiña dantza taldea.
17:30, Haurrentzat Zirika Zirkus taldearen Txarlestrup ikuskizuna, Milagrosan.
18:30, Inauterietako txaranga.
18:30, Dantza festa gaztetxoentzat, Iñigo Etxenike DJarekin, Atsegindegin.
18:30, Erromeria Baztandarrak taldearekin. Antolatzailea: San Joan Konpartsa.
00:00, Incansables txaranga.
OTSAILAK 11, igandea
11:30, Inauterietako txaranga.
12:00, Konpartsen irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea eta Inmakulada ikastetxea.
18:30, Inauterietako txaranga.
19:30, ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko trikitilariak.
19:30, Vintage Brothers ikuskizuna, Circo Los taldearekin Tilosetan. Eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegin.
OTSAILAK 12, astelehena
09:00, Diana. ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoa.
10:00, Azeri dantza gaztetxoentzat.
11:30, Haurrentzat poniak eta zezen txikiak, Latsunbeberri auzoan.
12:00, Kulki haur jolasak, Atsegindegin.
16:00, Erraldoi eta buruhaundiak. Kriskitiña dantza taldea eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroak.
17:00, Gaztetxoentzako puzgarriak, Atsegindegin. 8 urtetik gora.
OTSAILAK 13, asteartea
18:30, Sardinaren ehorzketa.