Zartagiak eta lapikoak ederki jo ondoren, makilak astintzeko eguna izango da gaurkoa, Santa Ageda bezperakoa. Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak aterako dira gaur santa eskean, eta hala izango da, baita ere, Urumea Bailaran.
Goizuetarrak izango dira goiztiarrenak; goizeko 11:00etan jarri dute zita Plazan. Astigartarrak 12:30etan abiatuko dira Foru Plazatik. Bazkalondoren jarri dute hitzordua Ereñotzun; 15:30etan hasiko dira ereñotzuarrak Ur Mia elkartetik, eta hernaniarrek, aldiz, bi zita izango dituzte: Kantuzena, 12:00etan, eta Ohitura Zaharrakena, 18:00etan
Hainbat aldaketa, jaieguna izateagatik
Aurten igandearekin tokatu izana nabaritzea espero dute denek, hori dela eta, hainbat aldaketa egin dituzte batzuek.
Goizuetarrak, adibidez, arratsaldez atera ohi dira, baina aurten aurreratu egin dute hitzordua. Horrez gain, ibilbidea ere zertxobait moldatu dute, eta tabernetan ez ezik, auzoetara ere egingo dute bisita.
Gauza bera egin dute Astigarragako Aiztondo abesbatzakoek; arratsaldez atera ordez, eguerdian hasiko dute kalebuelta.
Plan borobila, arratsaldez
Igandea aprobetxatuko dute, baita ere, santa eskean arratsaldez aterako diren hernaniar eta ereñotzuarrek.
Azkeneko hauek 15:30etarako jarri dute zita, Ur Mia elkartean; bertatik, Pagoagara abiatuko dira, handik Lastaolako bidean dauden etxeetan kantatuko dute, eta Larre Gainen bukatuko dute, afaritan.
Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatzakoek, ordea, 18:00etan hasiko dute ibilbidea Milagrosatik. Zaharren Egoitza izango dute aurreneko geltoki, eta handik Kaxkoa zeharkatuta, Txantxangorri elkartean meriendatuko dute. Peña Otaño eta Xalaparta ere bisitatuko dituzte, azkenik, Plazan bukatzeko.
Ez da, ordea, santa eskean aterako den Hernaniko talde bakarra izango. Kantuz abesbatzak 12:00etan jarri du zita, leku berean, Milagrosan.