Iñude eta artzaien konpartsa atzeratuta, Musika Banda izango da protagonista nagusia gaur. Dena den, aldaketatxo batekin: eguraldi txarra dela-eta, udaletxeko arkupeetan jo ordez, Milagrosan eskainiko dute kontzertua. Ordua ere, atzeratu egin dute zertxobait; eguerdiko 13:00etan hasiko da, eta ez 12:45etan.
Urteroko zita
Zaleekin hutsik egin gabe, urtero eskaintzen duten kontzertua da gaurkoa. Iñude eta artzaien Plazako ekitaldiari jarraipena eman ohi dio; aurten, aldiz, Musika Bandako doinuak bilakatuko dira goizeko protagonista nagusiak.
Horretarako, Tolosako doinuak prestatu dituzte, beste behin. Hernanin oso ezagunak diren erritmoak dira, bi herrien arteko lotura agerian uzten dutenak.
Inauterietako kontzertua, ostiralean
Dena den, inauterietako kontzertua deritzona, hurrengo ostiralean eskainiko dutena izango da. Iluntzeko 20:00etatik aurrera izango da, Milagrosan, baita ere.
Urtero oholtzaratzen dute sorpresatxoren bat, eta aurtengoan, bi izango dira.
Batetik, oinarri musikala izango duen Bremengo Musikariak ipuin musikatua. Eta bestetik, Tinolyn Martin’s Nebraskako abeslariaren bisita izango dutela, Euskal Herrian eskainiko duen kontzertu bakarrean, Lehoi erregearen bertsio pertsonala eskainiko du. yy