Semperenak errematea, Pista Sari bikainari!

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 27a, 01:00

Larunbatean jokatu zen, Do­nostiako belodromoan, Pista Sariaren azkeneko jardunaldia. Emoziorik ez zuen falta izan egunak, eta txirrindulari astigartarrentzat, bikain bukatu zen txapelketa: Urko Sempere­nak lidertzari eutsi eta garaipena lortu zuen open kategorian, Jaime Romero bigarren postura igo zen kadeteetan, eta Telmo Semperena aurreneko bostetan sartu zen jubeniletan.
Erremate bikaina eman zion Urko Semperenak, Pista Saria­ri; baina ez zuen lan erraza izan. Sei punturen aldearekin iritsi bazen azkeneko jardunaldira, puntu bakarrera jarri zitzaion Igor Arruti, eliminazioko proba­ren ondoren: hirugarren izan zen Semperena, eta irabazi egin zuen Arrutik. Eta puntuazioan, azkenekoan, bien arteko kontrola izan zen nagusi. Bi esprint irabazi zituen astigartarrak; baina bi esprint falta zire­nean, erorketa bat izan zen, eta txirrindulari bat pistan bertan atenditu behar izan zutenez, bukatutzat eman zuten pro­ba, mo­mentuko puntuazio­ekin. Ho­rrela, Semperenak puntu bat lortu zuen, Arrutik bat ere ez, eta astigartarrak lortu zuen ga­raipena, Pista Sarian.
Romero, bere aldetik, hirugarren iritsi zen azkeneko probetara, eta bigarrenari, Aritz Seini, aurreratzea zuen helburu. Baita lortu ere! Scratchean bigarren izan zen, dagoeneko Sein aurreratuz. Eta bera baino hobeto aritu zen puntuazioan ere, bi esprint irabazita, bigarren postuarekin geratzeko.
Eta jubeniletan, azkenik, sei­garren postutik bosgarrenera aurreratu nahi zuen Telmo Semperenak, podiumerako au­kerarik gabe. Tempoan, hasteko, bosgarren izan zen, eta horrekin, bosgarrena berdindu zuen sailkapenean, dena puntuazio proban jokatzeko: 10 esprintetatik 5etan puntuatu, eta bosgarren bukatu zuen Semperenak, azkenean.

Gipuzkoako Txapelketa, gaur
Gaurkoan, berriz, Gipuzkoako Txapelketan ariko dira, kategoria guztietan. Omnium bat izan­­go da, lau probakoa: bi proba izango dituzte goizean, scratch eta tempo, 10:30etan; eta arra­tsaldean beste bi, eliminazioa eta puntuazioa, 16:00etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!