«2017 urte gogorrak», balantze positiboa

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 27a, 01:00

Urteko batzarra egin zuen Galtzaur jubilatuen elkarteak, joan den larunbatean. Eta bertan eman zituen aditzera, 2017 urteari zegozkion kontuak eta 2018rako asmoak.
Eta hasteko, gogora ekarri zuten iazko batzarrean erabakitakoa: zuzendaritza alda­keta tokatzen zen, baina ez zen beste hautagarik aurkeztu, eta bertaratutako bazkideek aho batez eskatuta, zuzendaritza talde berberak jarraitu zuen. Hori horrela, 2017an, aurreneko lana izan zen esta­tutuak aldatzea, zuzendaritza taldeak bost urterako izan ahal izateko, bi urterako beha­rrean, orain arte bezala.

«Borrokatzeko urtea izan da; ezin izan ditugu egin, nahi genituen gauzak»
2017 urtearen balantzea egin zuten ondoren: «urte gogorra izan da, borrokatzekoa. Ezin izan ditugu egin, nahi genituen gauzak. Eta hori izan da egunerokoak hala behartu gaituelako. Egoi­tzako obrak izan ditugu, besteak beste», azaldu zuten batzarrean.
Hori horrela, zenbait ekin­tza ezin izan dituzte antolatu. Baina pozteko moduko albisteak ere izan dituzte, 2017an: «eskulan tailerra baju xamar zegoela eta, kolaborazioa es­katu genuen, eta hiru pertsona apuntatu ziren. Oso harro gaude horretaz, eta espero dugu jarraipena izatea», na­barmendu nahi izan zuten.
Obren gaiarekin, eskaera bat ere egin zieten bazkideei: «portaera ona izan dezatela egoitzan, etxean bezalakoa. Gainera, obrek berrikuntzak ekarri dituzte, baina espazioa gutxitu du baita ere. Ondoko lokala ematea eskatu dugu, baina jaso bitartean, oraingo espaziora egokitu beharko dugu», azaldu zieten.

Kuotaren prezioa murrizteko proposamena, bazkide batek
Diru kontuetaz ere hitz egin zuten batzarrean, eta aditzera eman zuten, 2017 urtea ere positiboan bukatu dutela, «ez 2016an bezainbeste, baina bai positiboan. Eta aurten ere, gor­deko da ekintza desberdinetarako, bazkide guztiek modu batera edo bestera disfrutatu dezaten». Horren inguru­an, proposamena luzatu zuen bazkide batek, erregu eta galderen atalean: urteko kuota, 12 eurokoa, 2 euro murriztea; eta antolatzen diren ekintzetan, apuntatzen diren bazkideek prezio justuak ordain­tzea, egitan kostatzen dena, egoitzak laguntza eman gabe.
Proposamenaren aurrean, zuzendaritzak berdin jarrai­tzearen aldeko postura era­ku­tsi zuen, kuota mantenduta eta ekintzetan egoitzak la­gun­duta: luntxa eskaini, autobusa doan jarri... Azkenean, ho­rrela jarraitzea erabaki zuten bazkideek. Bide batez, jakinarazi zuten, otsailaren 1etik ekainaren 30era izango dela, kuota ordaintzeko epea.
Eta azkenik, azaldu zuten 2018ra begira, bazkariak, irteerak eta bidaiak antolatzen jarraitu nahi dutela. Eta bi tailer daudela martxan, euskera eta memoria lantzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!