Ondo baino hobeto bukatu dute Gipuzkoako Pista Txapelketa Astigarragako txirrindulariek. Bereziki nabarmendu da Urko Semperena, eta Gipuzkoako pistako txapeldun izendatzea lortu du Open kategorian, izugarrizko txapelketa eginda.
Podiumera igo zen, baita ere, Telmo Semperena junior maila. Azkenik, Jaime Romero kadetea gertu ibili zen, baina laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Bosgarren postua hobetzeko asmoa egi bihurtu zuen Telmo Semperenak.
Faborito hasieratik, Urko Semperena
Hasiera hasieratik Open kategoriako (Sub 23ko eta Eliteko txirrindulariak dauden kategoria) faborito gisa atera zen Urko Semperena aurreko asteburuan pistara, eta ez zuen hutsik egin.
Zortzi txirrindularik bakarrik parte hartu zuten, Semperenarekin lehiatzeko asmoz, tartean, Aitor Rey bizkaitarra eta Patxi Dartayette frantsesa, titulua lortzerik ez zutenak.
Horiek aurrez aurre izanda, Semperena gailendu zen Scratch, Tempo eta Kanporaketa probetan. Horietan guztietan, bigarren izan zen Rey bizkaitarra, eta hirugarren postua, aldiz, Onditz Urruzmendi, Patxi Dartayette eta Imanol Lasaren eskuetan geratu zen.
Hori horrela, podiuma ia erabakita zegoela jokatu zuten 9 esprinteko puntuaketa proba; denetan puntuatu zuen Semperenak, batean izan ezik. Hortaz, aldaketarik gabe gailendu zen Semperena txapelketan. Bigarren izan zen Onditz Urruzmendi, eta hirugarren, Imanol Lasa. Kasualitatez, hirurak dira Eibar Energia Hiria taldeko kideak.
Telmo Semperena eta Jaime Romero ere, ederki
Podiuma lortu zuen, baita ere, Telmo Semperena juniorrak, hirugarren postuarekin. Bosgarren postua hobetzeko asmoarekin atera zen pistara, eta horrela izan zen goizetik. Podiumean sartzea lortu zuen orduan Scracht eta Tempo probetan, eta arratsaldean berretsi zuen kanporaketa eta puntuaketa probetan.
Romero, aldiz, postu horretatik gertu geratu zen kadete mailan, laugarren. Ez zuen eguna nahi bezala hasi, eta azkeneko proban amore eman zuen.