Santa eske jendetsuagoa espero dute, igandearekin, Ereñotzun eta Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 3a, 01:00

Santa Ageda bezpera da bihar, eta urteroko ohiturari eutsita, kantari aterako dira, Goizuetan eta Ereñotzun. Aurten, gainera, igandea tokatuta, jende gehiago animatuko dela espero dute.
Hain justu horregatik, ordua aldatu dute goizuetarrek. Nor­malean iluntzean ateratzen dira santa eskean, baina jaieguna izanda, goizean abiatuko dira. 11:00etan jarri du­te zita, Plazan, eta aurten, tabernetan ez ezik, beste hainbat tokitan ere kantatuko dute, normalean baino buelta luzexeagoa eginda. 
Horrela, Txino auzora joko dute aurrena, bertan saio pare bat eskaintzeko. Idoietan ere kantatuko dute gero, eta Fer­min Antonio Apezetxea kaleko etxeen aurrean ere bai. Eta ta­ber­ne­tan, noski! Baita luntxa jaso ere, trukean!
Ibilbide guztian, lagun izanen dituzte trikitilariak eta pandero-joleak, eta baita ber­tsolariak ere. Oraingoz, Josu Garmendia izanen dela badakite, eta bigarren bat lotu na­hi­an dabiltza.

Nahi duenak aukera, santa eskerako eta bazkarirako
Gogorarazi dute, gainera, nahi duten guztiek daukatela aukera, baserritarrez jantzi eta bertara azaltzeko. Makilak, bera­iek utziko dizkiete. 25 inguru elkar­tu izan dira aurrekoetan.
Eta nahi duenak eman de­zake izena, baita ere, kantuan aritu ondoren eginen duten bazkarirako. Oxeguardan izanen da, eta bertan bazkaltzeko, nahikoa da izena apuntatzea, Amaia kafetegian jarri duten zerrendan.

Ur-Mia elkartetik abiatuta, arratsaldez ereñotzuarrak
Bazkaldu ondoren abiatuko dira, hain justu, ereñotzuarrak. Azkeneko asteotan egin dituzte entsaioak, ostiraletan Ur-Mia elkartean bilduta, gaurko saioa borobila izateko.
Eta gaur, elkartean bertan jarri dute elkartzeko zita, arra­­tsaldeko 15:30etan.
Elkartetik, Pagoagara joango dira aurrena, eta bertatik abiatuko dira kantuan, etxez etxe eta baserriz baserri. Pago­a­gatik Lastaolara bitarteko etxeetan kantatuko dute, eta Larre Gainera igoko dira azkenik, bertan azkeneko kantu saioa egiteko.
Saio hori, ordea, gainerakoak baino gehiago luzatuko da, afaria ere egingo baitute bertan, arratsaldea borobiltzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!