Goiz iritsi dira inauteriak Aranora, eta gaur bertan ospatuko dituzte, egun osoko festa ederrarekin. Goizean goiz ekinen diote gainera, urtero bezala: goizeko 08:30etan abiatuko dira zomorroak Surotik, Izer eta Alabierrek lagunduta, puxka biltzera. Eta ondoren, elkarrekin eginen dute bazkaria. Horretarako, hori bai, aurrez eman behar zen izena, Kontsejun.
Baina hori hasiera besterik ez da izanen. Arratsaldean, ez dute hutsik eginen aranoarrek, Zahagi Dantzarekin. 18:00ak aldera izanen da.
Mozorroen desfilea haurrek, aurtengo nobedadea
Eta afalorduaren aurretik, iluntzean, iritsiko da aurtengo nobedadea: mozorroen desfilea eginen dute haurrek, 20:30etatik aurrera. Gainera, mozorroentzako gaia jarri dute, eta berezia izanen da: itsasoa. Gaur, beraz, han urrutian bakarrik ez, herrian bertan ere ikusiko dute itsasoa, aranoarrek.
Eta desfilearen ondoren, herri afariarekin borobilduko dute festa, 21:30etan. Andoni fenomenuak girotuta, ordu txikietara arte luzatuko da ziur!