Ohorezko Mailako momentu erabakigarrian sartu da Hernani, zazpi partidu soilik geratzen direnean; eta bereziki klabea izango da, gaurko partidua. Gernikaren kontrako derbia jokatuko dute trikoloreek, arratsaldeko 16:30etan hasita.
Kontrarioa bai, aski ezaguna dute hernaniarrek. Baina zelaia, ezezaguna izango da. Izan ere, Urbieta zelaiaren egoera txarra dela eta, Igorren jokatzea erabaki dute, San Txisme zelaian; Arratiko Zekorrak taldearen zelaian, hain justu.
Joateko autobusa, Hernanitik
Hortaz, etxeko talde bezala Gernika ariko den arren, zelaia arrotza izango da bi taldeentzat. Eta zaleen babesa? Gernikarrek izango dutenaren adinakoa nahi dute hernaniarrek ere. Horregatik, autobusa antolatu dute Hernanitik, Igorrera joateko. Eguerdiko 14:00etan aterako dira, Biteritik; eta Zintzarri tabernan eman behar da izena, 10 euroan. Partidurako sarrera ez dago prezioan sartuta.
Igor Genua, Zeelanda Berrian
Gaur ere ez da izango Hernanirekin, Igor Genua kapitaina. Zazpiko selekzioarekin jarraitzen du, eta Zeelanda Berrian dago egunotan. World Serieetako laugarren txapelketa jokatu dute bertan, gaur goizaldean. 01:00 aldera, Australiaren kontra jokatu dute aurrena; Fijiren kontra gero, 04:00etan; eta Galesen kontra azkenik, 07:30etan.
Multzoko 1go edo 2garren bukatuz gero, bihar goizaldean hasiko dituzte kanporaketak; 3garren edo 4garren bukatuta, aldiz, gaur 11:00etan.